Gipuzkoako eskuz binakako txapelketako senior mailako bi final jokatu dira gaur Antzuolako pilotalekuan; bigarren mailakoa jokatu da lehenengo eta lehen mailakoa jarraian. Bigarren norgehiagoka horretan lehiatu dira Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi antzuolarrak.
Ez da Manex Balerdiren egunik onena izan. Atzelariak hutsegite asko egin ditu eta Hernaniko pilotariek jakin izan dute etekina ateratzen. Aurreko koadroetan hobeto ibili da Aitor Mendizabal. Partiduaren gidaritza eta zama hartu ditu behin baino gehiagotan, baina Mendizabalek ere egin ditu hutsegiteak eta ondo baliatu dute hori Ojuelek eta Lizeagak.
"Gaur ez dut batere egun ona izan", azaldu du norgehiagokaren amaieran Manex Balerdik. "Beti ezin da, baina gaurkoan pena handia dut herrian izan delako".
51 minutuko iraunpena izan du norgehiagokak. Hasieran antzuolarrak jarri dira aurretik eta etxekoek egin dituzte partiduko lehenengo hiru tantoak. Hurrengo hirurak, berriz, hernaniarrek egin dituzte eta 4ko berdinketaren ostean zazpi tantoko aldea atera dute Ojuelek eta Lizeagak.
Antzuolakoek ez dute amore eman eta batez ere Mendizabalen jokoari esker lau tanto egin dituzte markagailua 12-9an utziz.
Ez da nahikoa izan ordea. Hortik gutxira beste sei tanto egin dituzte jarraian Hernanikoek eta 20-12ra heldu da markagailua. Beste bi tanto ere egin dituzte etxekoek baino gehiago izan dira Ojuel eta Lizeaga. 22-14 amaitu da finala.
Bigarren mailako finala
Bigarren mailako finalean Lazkaora joan da txapela; izan ere, Otxoa eta Garmendipe 17-22 nagusitu dira Zegamako Sukia-Galdos bikotearen aurkako norgehiagokan.
Honenbestez bukatutzat ematen da Gipuzkoako eskuz binakako txapelketa. Oiartzunen eta Alegian jokatu dira kategoria txikietako finalak.