Ibarrondoko lanak abenduan hasiko dira

Maider Arregi 2022ko aza. 11a, 09:00

Asteon adostu du Antzuolako Udalak Orsa S.L. enpresarekin Ibarrondoko berrurbanizazio lanak abenduaren 12an hastea. Guztira, 151.282.28 euroko –BEZa barne– aurrekontua dute lanek. Hilabete eta hiru asteko epean egin beharko dira lanak.

Dena ondo bidean, Ibarrondoko berrurbanizazio lanak abenduan egiten hasiko da Orsa SL enpresa. Hilabete eta hiru asteko epean egin beharko ditu lanak. Ekainean lehiaketara atera zuen Antzuolako Udalak Ibarrondo auzoa urbanizatzeko obra, eta Sasoi Eraikuntzak SL enpresak irabazi zuen lehen deialdi hori. "Uztailean jakinarazi genion enpresari, eta abuztu amaieran Ibarrondoko urbanizazio lanak egiteko kontratua sinatu genuen. Irailaren 12ko astean, ordea, lanak egitea ezinezkoa zitzaiola argudiatuta obrari uko egin zion enpresak", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Baina, behin kontratua sinatuta izanda, Udalak ezin izan dizkio lehiaketako bigarrenari lanak esleitu, eta berriro lehiaketara atera behar izan du Ibarrondoko obra. "Sasoiko enpresak uko egitean, fidantza ere galdu du, baina horrek obra egin ahal izateko egoera larritu egin du. Hau da, ohiko lehiaketa eginda obra bi hilabetez atzeratuko litzateke. Baina, enpresak uko egitean, murriztutako lehiaketa egiteko aukera izan dugu, eta Orsa SL enpresak irabazi du lehiaketa".

Hala, aste honetan bertan, abenduaren 12an lanekin hastea adostu dute: "Lanekin lehenbailehen hastea izan da gure asmoa, eta abenduaren 12an hastea adostu berri dugu enpresarekin. Gabonetan langileek etenaldia egingo dute, eta urtarrilean, Errege ostean, ekingo diote berriro lanari".

Lanek hilabete eta hiru asteko epean eginda egon beharko dute; otsail erdirako, alegia.

Aparkalekuetan ere aldaketak

Lan sakonak egingo dituzte auzoan; izan ere, urbanizazioa guztiz berrituko dute eta aldaketa handia izango du Ibarrondok. "Aparkalekuen antolamendua, oinezkoendako guneak nahiz berdegune berriak izango ditu auzoak. Aldaketa potentea izango da eta uste dugu oso ondo geratuko dela", aurreratu du alkateak. Lanak, BEZa barne, 151.282.28 euroko kostua izango dute. Era berean, obrak iraungo duen bitartean, auzoko aparkalekuetan eragina izango duela kontuan izan beharko dute auzotarrek. Horrez gain, Eroskira joango diren kamioietan nahiz herritarrengan ere eragingo du.

Kolektoreko lanak

Bestetik, esan, Kalebarren 2 eta 4 atarien parean ur-kolektorea pitzatu egin dela. Hala, aurreko astean udalak abisua pasa zion Gipuzkoako Ur Kontsorzioari –bera da arduraduna– eta aztertzen ari da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak