Aitor Aierbe: "Oso garrantzitsua dira diziplina eta motibazioa"

Maider Arregi 2022ko ira. 17a, 09:00

Erregional preferenteko entrenatzaile berria da 32 urteko Aitor Aierbe azpeitiarra. "Motibazioz eta gogoz" jokatzea dute xede; domekan, UDAren aurka derbia jokatuko dute Ibarran 16:30ean.

Erronka berriari aurre egiteko "prest eta gogotsu" dago Aitor Aierbe AKEko lehen taldeko entrenatzaile berria. Entrenatzaile eskarmentuduna da, ordea, eta zortzi bat urtez Lagun Onak taldeko entrenatzaile aritu da, hainbat mailatan; iaz, gainera, talde azpeitiarra ohorezko mailara igotzea ere lortu zuten.

Ondo etorri, Aitor! Nola jaso zenuen entrenatzaile izateko proposamena?

Oso ondo; futbolean jarraitzeko gogoz nengoen eta onartu egin nuen Antzuolaren proposamena. Hasiera batean, Lagun Onaken jarraitzeko aukera izango nuela uste nuen, baina nahiko berandu abisatu zidaten ez nuela jarraitzerik izango. Gerora, beste aukera batzuk ere izan nituen, baina, hainbat arrazoirengatik, ez nituen onartu, eta orduan iritsi zitzaidan Antzuolako eskaintza, eta onartu egin nuen.

Iaz, sufrituta, mailari eustea lortu zuen Antzuolak.

Taldeko jokalarien artean ilusioa egon badago, eta egunerokotasunean jarrera egokia izaten bada eta entrenamenduetan lan egiten bada, horri emango diot nik balioa. Erronka da, baina diziplina eta entrenamenduetan saiatzea ezinbestekoa da.

Zein helburu dituzu hastear den denboraldi honetarako?

Partiduetan dena ematea; batzuetan, gauzak alde aterako zaizkigu, beste batzuetan, berriz, aurka... Baina kontzientzia lasai izango dugu dena ematen baldin badugu. Horretaz aparte, gure helburuen artean ere badago herritarrak futbol zelaira etor daitezen sustatzea eta animatzea. Baita, era berean, giro ona sortzea ere.

Eta lehen partidua, derbia Ibarran.

Bai, domekan, 16:30ean. Partidu gogorra izango da; izan ere, UDAk talde ona izango duelakoan nago. Gazteak Euskal Ligan ditu, eta talde ona izango dute, ziurrenik. Denboraldi-aurre ona egin dute, gainera. Erasoan eta defentsan indartsu jardutea izango da gure asmoa.

Motibazio handiko talde gaztea

Talde gaztea du Antzuolak eta oraindik ere elkar ezagutzen ari direla aitortu du Aitor Aierbe entrenatzaileak: "Denboraldi- aurrea geroago hasi genuen eta oraindik taldea ezagutzen ari gara"; izan ere, beteranoek taldea utzi dute, eta orain, gazte mailatik igo diren taldekide berriek ere osatzen dute taldea. Helburua lehiakorrak izatea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak