Metal gaua Buztinzuri auzoko lehen jaietan

Maider Arregi 2022ko ira. 9a, 08:00

Lord Witch heavy-metal talde bergararra.

Gaurtik domekara bitartean, askotariko ekintzak antolatu dituzte Buztinzuri auzoko lehen jaietan. Denondako jai parte-hartzaileak egitea izan dute helburu antolatzaileek. hala, gaur, egubakoitza 19:00etan emango die hasiera herriko trikitilari gazteek jaiei

Lehenengoz ospatuko dira Buztinzuri auzoko jaiak gaurtik domekara bitartean. Egitarau zabala antolatu dute ahalik eta jai parte-hartzaileenak izan daitezen. "Denendako festa antolatzen saiatu gara; kontzertuak, ekintzak... denen gustukoak izan daitezen ahalegina egin dugu. Haurrentzako jolasak egongo dira, ekintza gastronomikoa ere antolatu dugu eta gauean kontzertuak", azaldu du Alaitz Jauregi Buztinzuriko jaietako antolatzaile taldeko kide eta auzotarrak.

Giroa alaitzea ere badute asmo: "Oporrak amaitu dira eta oraindik ere aisialdirako ekintzaren bat egotea nahi genuen. Sasoi gogorra ere badatorkigu, eta animoa ere beheraka joaten zaigu aro honetan. Helburua herria alaitzea, eta giro ona aprobetxatzea da herritarrei dibertsiorako aukera emateko. Pintxo pote baten bueltan auzotarren artean jaiotako ideia izan da".

Gastronomia

Ondorengo egunetan jana eta edana ez da faltako Buztinzurin. Izan ere, zapatuan, tortilla patata lehiaketa antolatu dute. Parte hartzaileek, baina, etxetik eginda eraman beharko dute tortilla. "Gazteek ere parte har dezaten nahi dugu; hala trikitilari gazteak izango ditugu, gastronomia lehiaketa ere egingo da eta pintxo-txotx-a izango da nahi duen oro gerturatu dadin".

Rock eta metal gaua

Musikari dagokionez, pisu handiko kontzertuak antolatu dituzte. Patxi Luque musikari eta antolatzaileak jardun du kartela osatzeko lanetan: "Gaur, 22:00etan hasita 61 String talde bergararra izango dugu; ondoren, 24:00ak aldera, neuk jardungo dut oholtza gainean. Zapatuan, 21:00etan Azkaiter Pelox bergararraren pop-rock doinuak izango ditugu, eta ondoren estiloz aldatu eta metal doinuak izango dira nagusi. 22:00etan Oñatiko Letagin taldea, 23:00etan Itinerum arrasatearrak eta 24:00etan kartel buru diren Lord Witch bergararrak".

Gaurtik domekara

Gaur, arratsaldeko zazpietan herriko trikitilari gazteek emango diote hasiera jaiei eta auzo-poteoa egingo dute; gauean kontzertuak izango dira. Zapatuan, aldiz, 12:00etan tortilla patata lehiaketa egingo da, 17:00etan gaztetxoendako eta haurrendako jolasak eta 18:00etan mus txapelketa; gauean, rock eta metal kontzertuak. Domekan, berriz, auto klasikoen erakustaldia egingo da 11:00etan hasita, eta 13:00etan pintxo-txotx-a.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak