"Bi urteren ostean, pasa den larunbatean Alarde ederra ikusi eta bizi izan genuen Antzuolako plazan. Hau posible egin duten guztiak eskertu nahi ditu Alardearen Kultur Elkarteak: plazan ikusi genituen Buruzagia eta bere guardiak, Mairua eta bere sekitua eta musikariak, fusileroak eta bere ofiziala, kanoilari, danbor-jole, txistulari, dantzari, abesbatza, estandarte eta banderadunak, argazkilariak…
Baita ere, Alarde ikusgarri hau prestatzen ibili diren beste hainbat ere: entsegua zuzentzen, luntxak prestatzen, arropak txukuntzen, material ezberdina kontrolatzen, makilatzen, turbanteak egokitzen.
Eta, aurtengo beroari aurre egiteko ura banatu diguten tabernariak, eta hozkailu eramangarriak laga dizkiguten herritarrak. 200 inguru herritarrek egindako auzolan eredugarria! Azkenik, Udala, udal langile eta plazara gerturatu ziren guztiak ere gogoratu nahi ditugu.
Eskerrik asko bihotzez eta datorren urtera arte".