Iñaki Leteren oroimenezko Antzuola Saria jokatu da gaurkoan Debagoieneko lurretan, eta Nafarroako Lizarte taldeak sekulako erakustaldia eman du. Lasterketako aurreneko hiru txirrindulariak Lizarte taldekoak izan dira. Pablo Carrascosa extremadurarrak lortu du garaipena, baina eskutik helduta helmugaratu da, Sinuhe Fernandez eta Pablo Castrillo taldekideekin batera. Izan ere, Asentzioko igoera erabakigarrira Enekoitz Azparren (Laboral Kutxa), Pablo Castrillo eta Sinuhe Fernandez (Lizarte), Angel Coterillo eta Iker Trigo (Gomur-Cantabria Infinita) eta Jan Castellon (Caja Rural-Alea) heldu dira ihesaldian. Hala ere, Kanpanzarretik behera ziztu bizian joan ostean, Antzuolarako bidean, eta sei kilometroren faltan heldu da taldera Carrascosa. Heldu bezain laster, helmugarako sei kiloemtro gelditzen zirelarik erasoa jo du extremadurarrak, eta bere bi taldekideek ederki babestu dute atzetik. Azkenean, Antzuola herrigunera hirurak batera heldu dira, segundo batzuetako abantailarekin.
"Denboraldi zaila izaten ari naiz, gaixotasunak, lesioak... Eta taldekideek garaipena niri ematea erabaki dute. Oso eskertuta nago. Sekulako lana egin dugu", azaldu du Pablo Carrascosa garaileak podiumean.
Eguneko protagonistetako bat, Aimar Erostarbe oñatiarra izan da. Baque taldeko txirrindularia eguneko ihesaldian sartu da, baina "lasterketa oso gogor" jarri da Deskargako azken igoeran eta Asentzion batez ere, eta oñatiarrak Lizarte taldearen nagusitasuna nabarmendu du.
Antzuolako proba Lehendakari txapelketarako puntuagarria da, eta Caja Rural taldeko Abel Balderstone kataluniarrak jantzi du liderraren elastiko urdina. Bestalde, mendiko saria, Iker Trigo zornotzarrak eraman du igoeretan puntu gehien lortu ostean. Helmugan 8. postua lortu du Gomur taldeko bizkaitarrak.
Sailkapena:
1- Pablo Carrascosa (Lizarte)
2- Sinuhe Fernandez (Lizarte)
3- Pablo Castrillo (Lizarte)