Etzi jokatuko da Iñaki Leteren oroimenezko Antzuola saria

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko uzt. 8a, 11:56

Ibilbidea aurreko urteetakoa izango da: bitan Deskarga, eta Asentzio, hogei kilometroren faltan.

Domekako 09:30ean hasiko da 23 urtez azpikoentzako Antzuola saria, Iñaki Leteren oroimenezkoa, Lehendakari Txapelketarako baliagarria. 119,5 kilometroko ibilbidea izango dute txirrindulariek: Zubillagatik lehen joan-etorri bat egin eta gero, Deskarga igoko dute Antzuolatik eta Oñatitik buelta egin. Birritan egingo dute gauza bera, baina bigarrenaren ostean, Antzuolara beharrean, Angiozar aldera joko dute txirrindulariek, Asentzio igotzeko. Asentzioko gainetik helmugara hogei kilometro geratuko dira –Arrasate aldera jaitsiko dira–.

Lasterketa antolatzen duen Ayastuy lagunarteko Joseba Lezetaren arabera, normalean, Asentzion erabakiko da lasterketa, helmuga aurretik inon erabakitzekotan. Dena dela, aurretik Deskarga bi aldiz igo behar izanda –lehenago behin baino ez zen igotzen–, galbahe lana ere egingo dute igoerok, eta irabazteko aukerarik gabe gera daiteke, agian, bat edo beste: "Asentzion argitu ohi da lasterketa, baina, Deskarga bi aldiz igota, beste alternatiba batzuk ere sortzen dira. Taldeek indarra galdu dezakete, eta lasterketa bakarkakoago bilakatzen da, nolabait".

Faboritoak

Lerrook idazteko orduan, oraindik zehaztu gabe zegoen domekan irteeran izango diren txirrindularien zerrenda, baina etorriz gero aurrean ibil daitezkeen zenbaiten izenak eman ditu Lezetak: "Caja Ruraleko Joseba Lopez eta Abel Balderstone ondo dabiltza, eta Pablo Castrillo eta Lizarte taldekoak ere bai, haiek urte osoan ari dira maila onean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak