Kontzertuak nagusi txosnen egitarauan

Beñat Alberdi Igartua 2022ko uzt. 12a, 16:00

Huntzaren kontzertua Antzuolako txosnetan 2019an

Jaiak lau egun irauteak eta egun nagusien indarrak ez diote aparteko aukerarik uzten Txosna Batzordeari programa zabala aurkezteko. Hala ere, egun bakoitzean eskainiko dute kontzertu bat, behintzat, eta txarangek euren presentzia izango dute.

Bueltan dira txosnak Antzuolako jaietara eta eguenetik domekara arteko programa osatu dute. Jaietako protagonismo nagusia ez da euren kontu joango, baina edozein parrandazaleren bidaide izango dira jaiek iraun bitartean. Kontzertuak eta txarangak antolatu dituzte, nagusiki.

Antzuolako jaiek lau egun irauten dute, ordea, eta Kuadrillen zein Mairuen eta Kristauen egunek ondo beteta dute egitaraua. "Ez dugu tarte askorik gauzak antolatzeko", esan du Mikel Arregik, Antzuolako Txosna Batzordeko kideak. "Baina guk ere girotuko ditugu jaiak".

Txosnen irekiera

Eguenean 19:00etan zabalduko dituzte txosnak eta hasiera emango diote jaien zati partikularrari. 20:30ean, kontzertua eskainiko dute Klak!son eta Lemak taldeek. "Bietan antzuolarrak dira partaide", gaineratu du Arregik.

Kuadrillen Egunean, egubakoitzean, ohi ez bezala eta lehenekoz, txosnak zabalik izango dituzte eguerdiko poteoak iraun bitartean. Gauean, berriz, Inguma, Rebel Noise eta Maixa Ta Malakias taldeek girotuko dute txosnagunea, 22:30ean hasita.

Mairuen eta Kristauen Egunean, zapatuan, eguna argitu ahalaz bat, sokasalto txapelketa egingo dute. "Salto ondo egiteko argia eduki dezatela", esan du txosnetako kideak. Horrez gain, Elektrotxufla elektrotxaranga ibiliko da kalez kale, 20:30etik aurrera, eta Berandu Baino Lehen, La Rekba, Txakurrak eta Altxa Porru taldeek kontzertua eskainiko dute, 23:30etan hasita, txosnetan.

Domeka goizean, 07:00etan, Gotx elektrotxarangak eskainiko du ikuskizuna. "Ohitura txarrenak ez dira galdu behar", zehaztu du Txosna Batzordeko kideak. 20:30ean, Txost! taldea taularatuko da, eta kontzertu akustikoa egongo da ostean.

"Astean elkartu gara eta itxi ditugu itxi beharrekoak", esan du Arregik. Antzuolako txosnetan ez dituzte eraso matxista, homofobo eta arrazistak onartuko eta prest dauzkate, jazoko balitz, jarraitu beharreko jarraibideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak