Mendizabali eta Fernandezi omenaldia

Maider Arregi 2022ko uzt. 11a, 09:00

90 urteko langa gaindituta, Maria Luisa Mendizabali eta Vitaliano Fernandezi Antzuolako zapi berria jarriko diete udal ordezkariek eguenean; eta 2021eko herriko jaietatik 2022ko jaiak bitartean jaiotako hamabi haurtxoei ongietorria egingo diete.

 Jaioberriei eta herriko nagusienei harrera egingo diete aurten ere Antzuolako udal ordezkariek. Hala, 91 urte dituen Vitaliano Fernandez Sanchezek eta 94 urteko Maria Luisa Mendizabal Aiastuik jasoko dute herriko nagusienak izatearen aitortza eta omenaldia. Ekitaldia uztailaren 14an, eguena, egingo da, udaletxeko osoko bilkura aretoan, 19:45ean.

Vitaliano Fernandez jaiotzez Avilakoa da eta 65 urte inguru daramatza familiarekin Antzuolan bizi izaten. Maria Luisa Mendizabal, aldiz, jaiotzez oñatiarra da, baina ezkondu eta familia Antzuolan sortutakoa da; bizitzaren parte handiena Antzuolan daramatza, gainera. Biek ala biek omenaldiaren albistea jaso dutenean irribarrez eta "pozik" hartu dute berria.

Iaz jaiak ospatu ez ziren arren, herriko nagusienek zapia jaso zuten; orduan, 95 urte zituen Mertxe Lizundiari eta 94 zituen Jose Mari Kortabarriari egin zitzaien omenaldia, hain zuzen ere. Nabarmendu behar da 90 urtetik gorako 28 antzuolar daudela gaur egun: 11 dira gizonezkoak eta 17 emakumezkoak. 80 eta 90 urte bitartekoen artean, berriz, 109 herritar daude; horietatik 45 gizonezkoak dira eta 64 emakumezkoak. Bi kasuetan, emakumezkoen biztanleria kopurua altuago da.

Hamabi jaioberri

2021eko jaietatik 2022ko jaietara bitartean, hamabi haur jaio dira, eta horiei jarriko diete Antzuolako udal ordezkariek udaletxeko osoko bilkura aretoan zapi berria. Zehazki, bost neskatilari eta zazpi mutili. Zapi berria Aurtengo jaietan diseinu berriko zapia estreinatuko dute antzuolarrek. Oier Peñagarikano antzuolarrak egindako diseinua dauka zapiak. Asmoa da, gainera, urte batzuetan diseinu bereko zapiak kaleratzea, jaien baitan. Kolore gorrixka dauka eta zuziri berde baten alboan Antzuolako jaixak leloa darama bandera artean. Hain zuen ere, herriko tabernetan 3 euroren truke egongo da salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak