Jan dute gazta eta edan dute ardoa Antzuolako San Martzial jaietan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko uzt. 3a, 18:03
Antzuolako Lizarraga auzoko sanmartzial jaietan eguerdian.

Sanmartzialak dira Antzuolako Lizarraga auzoko jaiak eta ospatzen ari dira auzotarrak; 70 bat lagun elkartu ziren atzoko auzo afarian. Gaur eguerdian, luntxa izan dute auzoko nagusiek.

San Martzial ermita da Antzuolako Lizarraga auzokoa eta San Martzial eguna ospatzen dute. Meza egin zuten ermitan haren egunean, ekainaren 30ean, eta berriz gaur, domeka, eguerdian: "Egunean bertan eta hurrengo asteburuan ospatzen ditugu auzoko jaiak", dio Anes Sasietak, aurtengo "maiordomoak".

Baserriz baserri txandakatzen den 'titulua' da 'maiordomoarena'. Urtean baserri batek –25 bat dira guztira auzoan–hartzen du eta bere gain hartzen ditu hainbat ardura, auzoko komisioarekin batera jaiak antolatzen laguntzea, tartean. Urtean birritan zabaltzen dute ermita, ekainaren 30ean, eta hurrengo asteburuko jaietan, eta ermita ere txukun jarri behar dute egun horretarako.

Beste toki askotan gertatu den bezala, hemen ere ez dituzte jaiak ospatu azken bi urtetan eta aurten gogoz hartu dituzte. Zapatuan, esaterako, 70 bat lagun elkartu ziren auzo afarian eta gaueko hamabietan bota zituzten suzko erroberak zuzenean ikusi zituzten gero; baita ondorengo izozkia jan ere. Ohitura dute hori egitea, eta berreskuratu egin dute aurten. Baita gazta jan eta ardoa edatekoa ere. Ohitura da pitxar bat ardoz bete eta gazta bat hartu, eta jaiak ospatzera doanak hortik ardo pixka bat edatea eta gazta zati bat jatea.

"Sirve para Sanmarcial"

San Martzial ermitan dute gordeta aspaldiko pitxarra, "Sirve para Sanmarcial" jartzen duena. Urte asko dituen altxorra da eta egun horren antzerakoak diren beste bat erabiltzen dute eskuz esku pasatzeko ardoa edaterakoan, hori apurtzeko beldurrez. Propio egindako egurrezko kutxa batean dute gordeta jatorrizkoa, liburu aspaldiko liburu batekin batera. Gazta, auzoko artzain bati hartzen diote eta hori banatu gero auzotarren artean.

Jolasak ere egin dituzte eta baita erretiratuendako luntxa ere. Ermitaren portikoan jarri dute urteroko barra, eta txorizo egosiko eta 'Amatxo' gaztako pintxoak prestatu eta eskaini dituzte bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak