Berriro ere gorriz jantziko dira bazterrak

Maider Arregi 2022ko eka. 13a, 09:00

Ekainaren 18an ospatuko da AKEren jaia. Hala, herritar ororendako kirola eta festa uztartzeko eguna izango dela aurreratu dute. Bestalde, hilaren 16an, klubaren ibilbidea eta historia jasoko duen testigantza-dokumentala estreinatuko dute.

Baietz Antzuola gorritu! Jantzi danok gorriz! lelopean, indartsu dator aurtengo AKE Eguna. Izan ere, egun osoko festa antolatu du herriko futbol klubak. Merezitako festa izango dute herriko kirolariek, azken unera arte izan baitute lehen taldeak kate- goriari eusteko bidea izango ote zuen ardura. "Aurten sumatzen duguna da herritarrak AKE Egunerako gogoz daudela. Bazkarirako ere txartel guztiak agortuko dira, gainera. Orain dela bi urte, 320 inguru izan ginen, eta aurten, 380-390 izango gara", esan du Ibon Gezalagak, AKEko presidenteak. "Lehen taldeak mailari eutsi dio, eta poza igartzen da", gaineratu du.

Hala, goizean, 10:00etatik 12:00ak inguru arte beteranoek –egungo jokalariak eta jokalari izandakoak nahiz animatzen diren herritarrak– lagun arteko partiduak jokatuko dituzte Eztalan. "Partiduen ostean, Antiguan hasiko dugu karro-poteoa, herriko giroa alaitzeko asmoz. Asmoa da herritar ororengana iristea, eta 14:30ean, eskolako patioan bazkaria egingo dugu. Sorpresak ere izango dira, eta, urtero legez, aitortzaren bat edo beste eta sari banaketa izango dira bazkalostean. 18:30ean, aldiz, elektrotxarangak borobilduko du festa.

Balorazio ona

Era berean, denboraldiaren balorazio ona egin du AKEko presidenteak. Izan ere, lehen taldearekin kamiseta izerditu arren, azkenean, mailari eustea lortu dute. "Denboraldiaren balorazio oso ona egiten dugu; lehen taldearekin sufritu egin dugu, baina kadeteek, infantilek, gazteek eta nesken taldeak ere ondo jardun dute. Orain, denboraldi berrira begira, aldaketak egon egongo dira. Entrenatzaile guztiak aldatuko dira; oraindik, baina, adosten eta elkarrizketekin ari gara. Jokalariei dagokienez, zehaztuta ez dagoen arren, lehen taldeko zenbaitek utzi egingo dute. Abuztura bitartean, gazteetatik ea zenbat igoko diren eta lehen taldetik zenbat joango diren aztertu beharko dugu. Abuztuko azken astean abiatuko ditugu entrenamenduak".

Dokumental emanaldia

Ekainaren 16an, AKEren historia eta ibilbidea jasotzen duen dokumentala emango du klubak Torresoroan. Bi saioa izango dira, umeendako 17:00etan eta helduendako 18:30ean. Pasarte eta testigantza hunkigarriak jasotzen ditu Antzuolako futbol sailaren inguruko dokumentalak. Herritik sortutako herriko taldea dela azpimarratzen da, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak