"Jendea oso gustura geratzen da Antzuolako probarekin; guneen arteko trantsizioak oso luzeak dira eta beraz, oztopoak gainditzeaz gain mendi asko duen proba da eta hori asko gustatzen zaie datozenei", dio antolakuntza lanetan aritu den Imanol Lizarraldek.
Asko gozatzera eta beste batzuk podiumaren bila ere, baina pilotuen artean Antzuolan izan ohi den giro ona azpimarratu du antolakuntzako kide Iban Diaz de Ereñok: "Pike sanoa dago. Beti dago baten bat epaileekin haserretu daitekeena baina bestela giro ederra izaten dugu gure artean. Sari banaketan izan ohi dugun katxondeoa ikustea besterik ez dago...". Diaz de Ereñok lasterketaren atzetik dagoen auzolana ere aipatu du: "Lantalde honekin bai dela posible. Beste lasterketa batzuetan oso larri ibiltzen dira jende aldetik eta hemen jendea prest dago lanerako. Eskerrik asko; horrela jarraitu dezala".
Eta izen propio bat ere azpimarratu nahi izan du antzuolarrak: "Ruben Fernandezi esker on berezi bat helarazi nahi diogu, garai baten Espainia mailan lehiatzen zen aretxabaletarra. Espezialista da lekuak identifikatzen eta markatzen, eta horrek asko laguntzen digu".