Iker Epelde entrenatzaileak 2021-22 denboraldiaren balorazioa egin dio GOIENAri: "Aurre-denboraldiko partiduek erakutsi ziguten bezala, lan handia zegoen taldeko jokalari asko kategoriara egokitzeko. Asko azken bi urteetan jubeniletatik igotako jokalariak ziren, eta beraz, pandemiarengandik kategoria honetan oraindik jokatu gabeak. Helburua garbia zen, mailari eustea. Eta aurtengo modeloak mesede egiten zigun, liga erregularra prestaketa bezala erabili baikenezakeen, ondorenean, mailari eusteko fasean dena emateko. Ligan lehenengo 13 partiduak galtzea psikologikoki gogorra izan arren, bigarren fase bat izateak eta astero sumatzen genuen hobekuntzak esperantza ematen zigun. 14. partidua, orduan lider zegoen Ilintxaren aurkakoa, irabazi genuen Legazpin eta edonori irabazteko gai ginela ikusi genuen. Azken fasera taldea fisikoki, mentalki eta animikoki egoera onean iritsi zen. Hil ala biziko fase honetan 8 partidutatik seitan puntuatu dugu eta nire ustez merezimendu osoz lortu dugu kategoriari eustea. Azken partida oso emozio handikoa izan zen, momentu luzez behin behinean kategoria galtzen baikenuen geneuzkan emaitzekin; baina, azkenean sufritutako berdinketarekin poz eztanda izan genuen. Aittek, eta Jexux Aldazabal eta Koldo Madariagak, dauden lekutik, irribarrez ikusiko zuten lorturikoa. Aupa AKE! Betirako bihotzean!".