28 postuk jantziko dute San Isidroko azoka

Maider Arregi 2022ko mai. 13a, 09:00

Herri kirolak, bertsoak, sasoiko produktuak, jateko eta edateko postuak, artisauak eta herriko ganaduzaleen ganadua bertatik bertara ikusteko aukera izango da bihar. Bi urte gorabeheratsuren ostean, aurten indartuta dator baserritarren azoka handia.

Iaz ere ezohiko San Isidroak izan ostean, aurten guztiz indartuta dator baserritarren festa eguna. Guztira, 28 postuk jantziko dute herriko erdigunea, Herriko Plaza eta Kalebarrengo kalea bihar. Tartean, Antzuolako ekoizleak eta nekazariak ez ezik, herriko ganaduzaleen ganaduak ere izango dira ikusgai 09:30etik 13:00etara bitartean. 11:30ean, aldiz, umeentzako egurrezko jolasak egongo dira, eta eguerdiko hamabietan kalejira izango da txistulariekin eta trikitilariekin. Zurrategi plazan, berriz, 12:30ean, euskal pentatloi saioa egingo dute Karmele Gisasolak, Lucia Orbek, Xabier Zalduak eta Araitz Mugerzak.

Udalak, gainera, salda eta txorizoa banatuko ditu Trekutzen, eta 14:30ean, 150 lagun ingururendako herri bazkaria egingo da eskolako patioan. Bazkalostea Udazken taldeak alaituko du. San Isidro festa Imuntzo eta Belokiren erromeriarekin borobilduko da: 19:00etatik 21:00etara eta 22:00etatik gauerdira arte.

Bertso saioa

Ospakizunei hasiera, aldiz, gaurko Torresoroako bertso saioak emango die, 22:00etan. Hurrenez hurren, Maialen Akizu urretxuarrak, Urko Arregi oñatiarrak, Aitor Sarriegi beasaindarrak, Nerea Elustondo legazpiarrak eta Andoni Egaña zarauztarrak jardungo dute. Jon Matak gai-jartzaile lanak egingo ditu. 150 lagunendako sarrerak jarri dituzte salgai, 8 eurotan.

Elkartasun postuak

Ez dut moztuko bizarra taldeak zero kilometroko hanburgesak egingo ditu, eta Anelkarrek Bidezko Merkataritza postua jarriko du. Ndank Ndank elkartea ere gonbidatu dute Senegalgo produktuak –arropa eta osagarri koloretsuak– salgai jar ditzaten. Bestetik, Gure Eskuk Pirinioetako bidea ekimenaren inguruko informazio eta izen-emate postua jarriko du.

Kukumarro lehiaketa

Pandemiak pandemia, aurten, nola ez, urteroko lehiaketa esanguratsuena den kukumarro lehiaketak ez du hutsik egingo. Parte hartzaileek jada gertu dituzte euren lanak eta azokaren giroaren bueltan ikusgai jarriko dituzte bihar. Goizeko hamaiketan, baina, udaletxeko osoko bilkura aretoan kukumarro onenei saria banatuko diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak