Antzuolan bada eskupilotarako zaletasuna, eta horixe demostratu dute asteburuan jokatuko duten Antzuolako neska-mutikoek eskupilota txapelketako izen-ematean. Izan ere, 62 gaztetxok eman dute izena Udal Pilotalekuan egingo den torneorako, eta aurreikuspenak gainditu dituzte, antolatzaileek adierazi dutenez.
Olalde Pilota Eskolak antolatutako egitasmoa berritasunekin dator, gainera. Izan ere, izen-emate kopuru handiaren ondorioz, formatu berezian antolatzea erabaki dute: Atzeko Txapelketa gisa izendatu duten txapelketa.
Formatu berezian
Duela zenbait urte frontoiaren atzeko aldean egiten zen herriko pilota txapelketa, taula barruko mugen barruan, eta aurten, formatua berritu gura izan dute, eta txapelketa egun bakarrera mugatu; hau da, 24 orduko txapelketa gisa. Parte-hartzea handia izango denez, beste formatu baten aldeko hautua egin dute antolatzaileek, eta bi egunean egingo dute txapelketa: "Gaur, 7 urtetik 10 urtera bitarteko hamazazpi lagun arituko dira herriko eskupilota txapelketan; eta zapatuan, berriz, 11 urtetik gorako berrogeita bost neska-mutiko. Atzeko Txapelketa izena jarri diogu, ez dugulako frontisaren kontra jokatuko, ezker pareta errebote moduan erabiliko dugulako. Izen-emate handiaren ondorioz, frontoiaren aurreko aldean eta atzeko aldean jokatuko ditugu partiduak, frontoiko dimentsioak mugatuta", adierazi du Andoitz Aranburuk, Olalde Pilota Eskolako monitoreak.
Irabazleak, epaile lanetan
Gaur jokatuko dituzten eskupilota partiduetan, lehenengo lau postuetan sailkatzen diren pilotariak zapatuko partiduetarako sailkatuko dira, nagusien aurka jokatzeko, eta Olalde Pilota Eskolako kideak jarraipena egiten, emaitzak apuntatzen eta abar arituko dira, bidelagun. Izan ere, epaimahai gisa partidu bakoitzean irabazle izendatzen diren pilotari gazteak arituko dira. "Partidu bakoitzeko irabazleak izango dira segidan izango den partiduko epaile, hurrenez hurren. Izan ere, partidu asko izango dira, eta guztiak kontrolatzea ez litzateke erraza izango. Herritarrek ilusioz hartu duten txapelketa da, eta, aurreikuspenak gaindituta, giro aparta izango dugulakoan gaude", adierazi du Aranburuk.
Sariei dagokienez, Atzeko Txapelketako irabazleak txapela jasoko duen arren, luntx bat egingo dute parte-hartzaile guztientzat.