Aratuste-dantzek girotuko dituzte kaleak

Maider Arregi 2022ko ots. 18a, 09:45

(Artxiboko irudia)

Aurtengo Aratusteetan herriko kaleak kolorez jantziko dira. Ohiko festarik egongo ez den arren, Oinarinek herritarrak dantzan egitera animatu nahi ditu eta nahi duenak pilotalekuan bazkaltzeko aukera izango du. Musikak ere izango du lekua.

Aurtengoak COVID-19ak eragindako Aratusteak izango diren arren, osasun egoerak zertxobait hobera egin du. Hala, Aratuste-festak goxatzeko ekintzaren bat edo beste izango da herrian –momentuan, momentuko osasun neurriak betez–. Otsailaren 26an eta 27an ospatuko dira eta ez da ohiko mozorro festarik eta lehiaketarik izango. Bai, ordea, nahi duenarendako Aratuste-dantzaz, bazkariaz eta musikaz gozatzeko aukera.

Dantzarako gertu

Azken unera arte zain egon da Oinarin dantza taldea, baina egoerak hobera egin duela-eta herritarrak dantza egitera animatu gura ditu Aratuste-zapaturako. Hartza, tximinoa eta hezitzailea lagun dituztela irtengo dira goizean, herriko kaleak alaitzeko asmoz. Horiek horrela, biharko, herri entsegua antolatu dute. "Aratusteak gainean ditugu, eta, osasun egoerak hobera egin duela ikusita, martxan jarri gara. Egoera berezi hau kontuan hartuta, herritar guztiei eman nahi diegu aukera aurtengo saioa nahieran antolatu eta dantza dezaten. Beraz, entsegu herrikoi irekia egingo dugu bihar, goizeko hamarretan, Torresoroan. Aratusteetan dantza egin nahi duten orok izango du parte hartzeko aukera. Animatu parte hartzera! Ederki pasatuko dugu!", nabarmendu du Oinarin dantza taldeak.

Bazkaria eta musika

Zapatuan, pilotalekuan herritarrek aukera izango dute bazkaltzeko. "Aulkiak eta mahaiak jarriko dira eta nahi duenak etxetik eramandako janariarekin bertan jateko aukera izango du", adierazi dute sormen batzordeko kideek. Gaua Nafarroako Puro Relajo taldeak girotuko du, 21:30ean, plazan. Ezagunak diren rantxerak abesten dituzte; horietako asko, euskaraz. Nafarrak diren arren, aski ezagunak dira Gipuzkoan. Domekan, berriz, Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna izango da.

Erretiratuen festa

Herriko erretiratuek ere Aratuste-martitzena ospatuko dute martxoaren 1ean, 18:30ean. Ilusioa berreskuratzeko asmoz egingo dutela mozorro lehiaketa jakinarazi du Landatxopek. "Bertaratzen direnendako merienda antolatu dugu, eta, horren ondoren, mozorro onenari saria emango diogu". Izena eman dezakete interesa dutenek otsailaren 21ean eta 22an Landatxoperen bulegora joanda, 16:00etatik 18:00etara. Prezioa 4 euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak