Aurrera doa negua, eta horrekin batera, baita kros denboraldia ere. Joan zen igandean jokatu zen, Elgoibarren edo Lasarten jokatzen diren sona handiko probez harago, probintzia mailan jokatzen den lasterketa nagusia: Gipuzkoako Kros Txapelketa. Ordiziako Oianguko belardietan aritu ziren lasterka, mailaz maila, ehunka korrikalari. Eta gizonezkoen maila absolutuan, Ibai Larrea antzuolarra izan zen nagusi.
11:10ean irteera puntuan ziren dozenaka lasterkarietatik gazteena zen Larrea; 19 urte izan arren, absolutu mailan lehiatu zuen antzuolarrak. Eta nola, gainera. Txapelarekin egin zuen etxerako bidaia, Goienari adierazi dionez, lasterketa osoan zehar "oso sentsazio onak" izan ostean.
Lasterketa "taktikoa"
Lehen kilometroetan taldean joan ziren 5-6 korrikalari indartsuenak, azken hiru kilometroetan proba hautsi zen arte. Buelta eta erdi faltan jo zuen erasoa Larreak, eta "ihes egin nuen, helmugarainoko bidea bakarrik eginez". Ez zen nolanahiko erasoa izan, gainera, distantzia motzean 25 eta 46 segundoko aldea atera baitzien podiumean kide izan zituen Ibai Makazaga zarauztarrari eta Endika Donnay arrasatearrari.