Antzuolako Zortzi Miliak, gertu domekarako

Jone Olabarria 2022ko ots. 14a, 14:57

300 lasterkari inguruk hartuko dute parte datorren domekako proban. 10:30ean Herriko Plazan hasita, Irimora igo, Trekutzetik igaro eta Herriko Plazan bukatuko dute parte-hartzaileek proba. antolatzaileak "pozik" agertu dira izandako harrerarekin

2021ekoa osasun larrialdiagatik bertan behera laga ostean, 2022ko otsailaren 20an egingo dute Antzuolako Zortzi Milien hurrengo hitzordua. Bederatzigarren aldia izango da, eta, ohi bezala, 13,83 kilometroko ibilbidea eta 836 metroko desnibel positiboa izango du lasterketak. Herriko Plazan hasi, Irimora igo, Trekutzetik igaro eta hasitako tokian amaituko da A8M taldeak eta Antzuolako Udalak antolatzen duten lehia. Ia 300 laguneko parte-hartzearekin, izen ematea ireki eta lehen hiru orduetan agortu ziren dortsalak.

Bederatzigarren aldia izanda, lasterketa geroz eta errotuago dagoela azaldu du antolakuntzako kidea den Gurutz Larreak: "Azken bost urteetan izugarrizko parte hartzea izan dugu, aurten hiru ordu behintzat iraun zuen zabalik izen emateak, baina duela bi urte lehen orduan agortu ziren dortsal guztiak. Halako harrera ona duela sini tea ere zaila da guretzat".

Aurten, ia 40 antzuolar

Hain zuzen, "mendiarekiko afizioa eta kirol zaletasuna herrian bultzatzeko" asmoz jarri zuten martxan proba duela ia hamar urte: "Debagoienean jende askok egiten du korrika mendian, baina guretzat oso garrantzitsua zen antzuolarrak ere animatzea. Aurten 40 antzuolar inguru izango dira. Jendea apurka animatuz doa, eta hori guretzat lorpen handia da". Lasterketaren planteamendua aurreko urteetakoa izango dela zehaztu dute, nahiz eta COVID-19a dela eta, zenbait neurri hartu beharko dituzten: "Irteerako unean, plazan, jende asko pilatzea aurreikusten dugu, eta hortaz maskara jantzita izan beharko da uneoro bertan. Helmugan ere maskara jantzi beharko dute berriz parte hartzaileek. Ibilbidean zehar maskarak bota ahal izateko hainbat puntu ere jarriko dira".

Txikienendako, motorrekin

Lasterketa 10:30ean hasiko den arren, goizean zehar hainbat ekintza antolatu dituzte herria girotzeko. Hamaiketan egingo dute haurrendako minimotoen lasterketa, eta ostean hamaiketakoa egingo dute. Sari banaketa 13:00etan egingo dute, plazan bertan ere. Osasun egoera dela eta, ekintza horiek antolatzerakoan "zalantza asko" izan dituztela aitortu dute, eta oraingoz aurrera egitea erabaki badute ere, zuhurtziaz jokatzeko deia egin dute antolatzaileek. Hainbat sorpresa Faboritoez galdetuta, azken edizioko bi irabazleek aurtengoan ere parte hartuko dutela zehaztu du Larreak. Bestela ere, ezustekoa eman dezaketen hainbat korrikalari ere espero dituztela azaldu du: "Oraindik guztiz konfirmatu ezinda, baina aurreikusitako zenbait korrikalarik parte hartzen badute polita izango da horiek ikustea gurean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak