Joan den egubakoitzean hasi zituzten Antzuolako pilotalekuan berogailu sistema jartzeko lanak eta datorren asterako bukatuta izatea aurreikusten dute. Orain arte, frontoiak ez du inoiz berogailurik izan eta hori dela eta, kirola egiteko erabiltzeaz gain, edozein jarduera muntatzea oso zaila dela azaldu du Antzuolako Udal aparejadorea den Valen Moñuxek: "Bazkariak, kontzertuak..., ia ezinezkoa zen ezer antolatzea. Kirola egiteko ere, ez zen leku egokia, umeentzat adibidez".
30.000 euroko aurrekontua
Eraikinaren ezaugarriengatik epeltasuna mantentzeko zailtasunak izan dituzte. Eraikina bera oso handia, altua eta hotza dela azaldu du eta, gainera, hor- men gainean zulo bat zuen. Haize beroak hortik ihes egiten zuen: "Goian zegoen tarte hori tapatu da, korronterik ez egoteko eta berogailu sistema jarri da, irradiazio sistemarekin".
Gasa erabilita funtzionatzen duela azaldu du, "lantegietan oso ohikoa izaten den berogailu sistema" da. Bi irradiatze-hodi jarriko dituzte, 50 kilowatteko potentziarekin. Lanok egiteko aurrekontua 30.000 eurokoa da.
Kontsumoa, "oso aldakorra"
Batez beste, eta bi hodiak martxan izanda, orduko 11,14 kiloko kontsumoa duela zehaztu dute. Dena den, hilabetearen arabera energia kontsumoa "oso aldakorra" dela azaldu dute. Hasiera batean, lan horiek egin bitartean frontoiaren kantxa erabilgarri egotea aurreikusten bazuten ere, segurtasun-kontuak tarteko, ezinezkoa izango dela jakinarazi dute.
Hortaz, berogailuak jartzeko lanak bukatu arte, eta segurtasuna bermatzeko asmoz, frontoia itxita egongo da bi astez. Hala ere, pilota entrenamenduak eta aurrez programatutako partiduak bere horretan mantenduko direla azaldu dute.