Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak, Goizperreko lehendakariorde Arkaitz Zabalok eta Goizperreko kontseilu errektoreko lehendakari Iker Gartziak sinatu dute asteon bi aldeen arteko akordioa. "Bi alderdiak herriari laguntzeko prestutasuna izatea eta ahalegina egitea baloratzekoa da. Aurten 200.000 euro emango ditugu hainbat proiektu egiteko. Dagoeneko batzuk eginda daude, rokodromoa eta arrapala esaterako; astelehenean, aldiz, hastear dute pump track guneko obra, eta Sagasti auzoko haur parkea txukuntzeko lanak ere martxan daude", azaldu dute ordezkariek.
Kortabarria alkateak gaineratu du pump track gunea 15 eguneko epean egitea duela asmo enpresak; eta arrapalak ere baranda jarrita daukala eta erabili daitekeela.