Jauregiko tunela eta lur-jausiak konpontzeko ia 200.000 euro

Maider Arregi 2021ko abe. 27a, 10:13

Ia 200.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bide berdeko Jauregiko tunela konpontzeko eta lur-jausiak txukuntzeko. Antzuolako Udalarekin lortutako akordioa txalotu du Rafaela Romero diputatuak.

"Kantitate ekonomiko garrantzitsua da, Antzuolako bide berdeak duen garrantziagatik justifikatuta dago, batez ere aisialdiari eta osasunari dagokienez, inguruko herritarrentzat bide berde horretan paseatzeko edo bizikletaz ibiltzeko eguneroko ezinbesteko espazioa berreskuratzen baitute”. Egikaritze-aurrekontua 191.654,80 eurokoa da, eta hiru jarduketa aurreikusten ditu: bi euste-harri-lubeta sortzea, mendebaldeko eta ekialdeko luizietan bide berdearen egonkortasuna ziurtatzeko, eta tunelaren ahokalekua handitzea, 2 metro kanporantz luzatzeko, malda egonkorragoa sortzeko", azaldu du Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Mugikortasuneko Departamentua pozik agertu da prozedura atzeratu duten oztopo administratiboak gainditzeagatik eta Antzuolako Udalarekin lortutako akordioa ospatu dute. Romenok adierazi du "bi erakundeok ulertu dugu herritarren aldarrikapenei erantzun behar zaiela, herritarrek asko erabiltzen duten azpiegitura baten inguruan. Inbertsio horri esker, txirrindulariek eta oinezkoek bide hori berriro erabili ahal izango dute, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren aldeko apustua egiten jarraituko dute, ibilbide seguru eta irisgarri batean. Eskerrak eman nahi dizkiogu Antzuolako Udalari akordio hau eta proiektu hau posible egiteko erakutsi duen prestasunagatik eta egindako lanagatik".

Proiektua jendaurrean jarriko da hilabeteko epean. Aldi horretan, eragindako pertsona guztiek aztertu ahal izango dute proiektua, eta egoki iritzitako ohar edo alegazioak egin ahal izango dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak