2022ko azaroaren 11n beteko ditu ofizialki Arrola Mendizale Taldeak 50 urte (1972an sortu zen elkartea). Hala datorren urtera begira egitarau zabala eta osatua aurkeztu dute. "Publiko ororendako egitaraua prestatu dugu. helburua da ahalik eta herritar gehienek parte hartzea. Urte berezi hau ospatzeko omenaldiak, liburu aurkezpena, erakusketak, hitzaldiak... antolatu ditugu", dio Arrolako presidente Sara Arietaleanizek. Oier Peñagarikanok egindako logo berria ere aurkeztu dute.
Hileroko ekintzak
Zenbait data eta ekintza zehaztu gabe dituzten arren, zer egingo duten aurreratu dute jada. Urtarrilean, Arrolara igoera eta mendi film proiekzioa; otsailean, Belaguara irteera eta zuhaitz landaketa; martxoan, 50 urte jasoko dituen liburuaren eta ikus-entzunezkoaren aurkezpena eta erakusketa; apirilean, sorospen eta orientazio, eta eskalada ikastaroak; maiatzean, sentsibilizazio kanpaina egingo dute herriko iturri zein bideak txukuntzeko eta La Lezera irteera; ekainean, herriko mendi ibilbideen aurkezpena, txistularien emanaldia Arrola ereserkiaren estreinaldiarekin eta Jose Inazio Jauregi Barberito zenari omenaldia; uztailean, umeentzat mendi parkea eta mendi bizikleta irteera; irailea, mendi argazki lehiaketa eta erakusketa, eta Europako Mendietara irteera; urrian, Arrola astea eta Arrola eguna; azaroan, perretxiko astea eta abenduan, mendi film saioa eta Aitzuri-Aketegira irteera.
79 mendi federatu
473 bazkiderekin eta 79 federaturekin amaituko du urtea Arrolak. "Mendizaletasuna bere osotasunean ulertuta, natura eta kultura ondarearekiko konpromisoari eutsita, herriari zerbitzua ematen jarraitzea nahi dugu".
Gogorarazi dute federatzeko aukera hilaren 23an, 18:00etatik 19:00etara Olaranen dutela herritarrek. Edo arrolamt@gmail.com helbidera idatzita egin dezaketela eskaera.