Hala, EAEn parke eolikoen bidez energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazioak baimentzeko prozedura arautzen duen maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretua oinarri, Trekutz parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera argitaratu du Eusko Jaurlaritzak (azaroaren 30ean).
Eskaera horren arabera, Cilda Energy SLU enpresak, Trekutz parke eolikoan 12 MW-ko potentzia gordina duten bi aerosorgailu instalatzeko eskaera egin du. Urretxu eta Antzuolari eragingo lioke eskaerak. Hala, hogei eguneko epean, parke eoliko hori ezarri eta ustiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek lehian eskabideak aurkeztu daitezke.
"Bi aerosorgailu dira bakarrik, baina sekulako inpaktua dute. Oso altuak dira eta zementu askokoak. Kokapen zehatzaren arabera Irimogainen jarri nahi dituztela azaldu digute; bat Antzuolako lurretan, eta bestea, Urretxuko lurretan. Hamalau metroko erradioko plataformakoak eta 120 metro inguruko altuera dutenak. Ez zait egokia iruditzen aurkeztu diguten egitasmoa soilik tamainagatik; baita ere berriztagarria izanda ere, ez delako jasangarria eta natura-ingurune bat hondatuko duelako; eta susmoa dudalako goitik behera inposatuko digutela", adierazi dio GOIENAri Beñardo Kortabarria alkateak.