Abiatu gailu telematikoari buruzko informazio kanpaina martxa onean doala adierazi dio Aldundiko Mugikortasun Sailak GOIENAri. Abiatu gailuari buruzko informazioa banatzen dihardute oraindik ere Antzuolan eta Bergaran; hala ere, dagoeneko orain arteko datu batzuk jakinarazi ditu Gipuzkoako Aldundiak.
Hala, azaroan egindako informazio kanpainei esker, Antzuolan 26 Abiatu gailu telematikoren eskaera tramitatu dira. "Urriaren 18tik azaroaren 21ra arte, antzuolarren 26 eskaera berri erregistratu dira. Horietatik %74k online eta %26k esku-orria beteta", azaldu du Bidegik. Guztira, Antzuolan 501 Abiatu gailu daude indarrean.
Bergaran, aldiz, tarte berean, 87 eskaera berri erregistratu dira. "Horietatik %76k online eskatu dituzte eta gainontzeko %24ak paperean egin du eskaera". Guztira, Bergaran 3.474 Abiatu gailu daude indarrean. Antzuolako bulegoan azaroan egon diren Bidegiko teknikariek azaldu dutenez, asko joan dira informazio eske: "Denetarik dago, baina gehientsuenek lanerako erabiliko dutela adierazi digute".
Azken txanpa
A-636 autobidetik gertu dauden eta teleordainketa gailurik ez duten biztanleei bideratutako kanpainak abenduan ere informazioa helaraziko die herritarrei. Azken aukera hori abenduaren 13an, astelehena, izango dute antzuolarrek. Bergaran, berriz, abenduaren 14an eta 15ean izango dira Bidegiko langileak in- formazioa eskaintzen. 2022ko urtarriletik aurrera ordaindu beharko da gaur egun doakoa den Bergara eta Beasain arteko A-636 autobidea erabiltzeagatik.
Abiatu gailua eskuratzeko dei egin die Foru Aldundiak erabiltzaileei, deskontu "nabar- menak" lortzeko eskubidea ematen duen gailu bakarra dela gaineratuta. Gailuak berak 7 euroko mantentze zerbitzua izango du urteko. Abiatu gailuarekin beherapen progresiboak lor daitezke: %25etik %75era bitartean, hilean egiten den ibilbide-kopuruaren ara- bera. Gutxienez, hilabeteko sei igarotze egin beharko dira des- kontua lortzeko.
Gainera, hilean 33,37 euroko gehienezko gastua izango du Gipuzkoako autobi- deetan, 49,30 eurokoa Bizkaiko AP-8an eta Arabako AP-1ean. Espainiako, Portugalgo eta Frantziako autobide guztietan eta baimendutako aparkalekuetan ere erabili daiteke Abiatu. Gailu telematikoa Bidegiren webgunean ere eska daiteke: www.bidegi.eus.