Realzale askorendako moduan, Peru Rodriguez Larrearendako (Antzuola, 2002) ere El Molinongo futbol zelaia betirako izango da berezia. Motiboak ez dira berdinak, noski. Dagoeneko urte batzuk dituzten zale txuri-urdinei, 1981ean Gijongo Sportingen berdegunean gertatutakoa etorriko zaie gogora, Zamorak egindako golari esker Realak lehenengo liga irabazi zuenekoa. Antzuolako defentsa gazteari (19 urte) hainbatetan kontatuko zizkioten orduko kontuak. 2000ko belaunaldikoa da Rodriguez; pentsa, herrian oraindik futbol eskola sortu gabe zuten, eta Realeko harrobian kategoriak igotzen hasi aurretik Bergarako futbol taldean jokatu zuen.
Hala ere, antzuolarrarendako beste motibo batengatik bilakatu da El Molinon zelai kuttun. Zapatuan, Xabi Alonsoren aginduetara Realaren bigarren taldearekin debuta egin ahal izan zuen, eta talde txuri-urdinak lortutako garaipenean (0-1) hasieratik jokatu zuen.
Alonso: "Partidutzarra egin du"
Norgehiagoka amaieran, Xabi Alonso entrenatzaileak taldeak egindako lana baloratu zuen. "Talde oso ona izan dugu aurrean, eta puntu beharrean zeuden. Jakinekoa zen estutu egingo gintuztela, baina talde moduan jokatu dugu, eta horrek pozten nau. Hori da gehien baloratzen dudan gauzetako bat, batzuetan emaitza onekin, beste batzuetan ez horren onekin, baina talde moduan jokatzen saiatzen gara beti. Indarrak oso parean daude hemen, eta gu kategoria honetara moldatzen ari gara", adierazi zuen Alonsok, eta Peru Rodriguezen gainean egin zuen berba: "Perurendako debut eguna izan da, eta partidutzarra egin du".