Berrogei bat urte dira Aiherrako eta Antzuolako familia banak Izarraitz puntan topo egin zutela, bakoitza bere kasa egun pasa joanda. Elkarrekin berriketan hasi, telefono zenbakiak elkarri pasa, eta orduan sortutako harremanak jarraipena du oraindik. Urte baten Antzuolan eta hurrengo Aiherran, urtero egin dute festa ekitaldiren bat. 2019an egin zuten azkena, Aiherran. Pandemiak eten egin zuen ohitura baina berreskuratu egin dute; Antzuolan batu dira gaur bi herrietako kide asko, jai giroan.
Goizeko 11:00etan heldu dira, autobusean, Aiherrakoak Antzuolara. Hamaiketakoa egin dute lehenbizi eskolako jolaslekuan eta plaza aldera joan dira gero. Eguerdian ongietorria eman die Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak bisitariei eta kalejiran ibili dira gero dantzan, txistulariekin batera. Herri-bazkaria izan dute gero.
Urte guzti hauetako harremanak ez dira, baina, urteko jaialdietara bakarrik mugatu. Urtean zehar ere badute telefonoz hitz egiteko ohitura eta jaialdiaz gain beste ekimen batzuk ere egin izan dituzte elkarrekin. Adibidez, Aiherrako umeak Antzuolan izan dira udalekuetan eta Antzuolakoak ere joan dira hara egun batzuk pasatzera. Eta horrelakoak eginez gura dute, hain zuzen ere, orain arteko harreman honek gerora ere jarraipena izatea, belaunaldi aldaketa egon arren herri bien artean sortutako adiskidetasunik etenik izan ez dezan.