Heldu da bibotea azaleratzeko sasoia

Maider Arregi 2021ko aza. 8a, 09:00

Movember Antzuola taldearen aurkezpena Zurrategin, iaz

Movember Antzuola taldeak antolatuta, prostata eta barrabiletako minbizia prebenitzeko asmoz, hainbat hitzaldi egingo dira. Hala, azaroaren 16an, Xabier Odriozola antropologo eta psikoterapeuta Torresoroan izango da, 18:30ean.

Duela hiru urte aurkeztu zuten Movember Antzuola taldea, eta, prostata eta barrabiletako minbizia prebenitzeko asmoz, hainbat ekintza egin dituzte urte hauetan guztietan herrian. Aurten ere, ildo berean, Movember kanpainarekin bat egiteko aukera egongo da. Horregatik, biboteak azaleratzeko dei egin diete herritarrei antolatzaileek, eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko gonbidapena egi-teko ere aprobetxatu dute.

Gizarte eredu berritzailea

Azaroaren 16an, martitzena, Xabier Odriozola antropologo, psikoterapeuta eta irakasleak hitzaldia egingo du. Odriozola azken urteetan gizon eta emakume taldeekin aritu da lanean, eta hamarnaka hitzaldi eta ikastaro partekatu ditu berdintasunezko gizartea eraikitzeko eredu berritzaileak proposatzeko. Hainbat artikulu idatzi ditu maskulinitatearen inguruan, baita 2014. urtean argitaratutako liburu bat ere: Gizonezkoen sexismoa, maskulinotasuna eta askapena: Berdintasunerantz (Metaziri, 2014). "Gizonok, izatea egokitu zaigun gizaki taldea edo kolektiboa garelako, jaso ditugu hainbat agindu, ohitura, iguripen, sasi-arau, esapide eta abar. Nolakoak izan behar dugun argi adierazten dutenak eta, noski, baita nolakoak ez dugun izan behar zuzen eta garbi markatzen dutenak. Gizon izateko era tradizionala izan da duela gutxi arte –eta, zoritxarrez, oraindik orain, indarrean dagoen eredu bizia da– onargarritzat, balekotzat eta zuzentzat edo egokitzat eman dena, eta, jakina, bere baitan jokabide, ideario eta ohitura zein agindu eta iguripen sexistaz josia egon da. Ez dugu beste eredurik izan gure hezkuntzan ez gure hazkuntzan ere, eta hari leialki atxikiturik hazi, hezi eta heldu-zahartu egin gara modu egokiena, zibilizatuena, zelakoan. Baina eredu egokia izan al da? Onura ala kaltea, zer ekarri digu guri gizonezkooi, eta, noski, ondorioz, emakumezkoei, haurrei, eta genero estereotipo ohiko hauetatik at geratzen direnei?", hausnarrarazi du Odriozolak. Horiez guztiez jardungo du psikoterapeutak hilaren 16an Torresoroan, arratsaldeko sei eta erdietan.

Prebentzioa da gakoa

Jon Belloso urologoak prostatako minbiziaren prebentzioaz ere jardungo duela aurreratu dute antolatzaileek –eguna zehazteke dute oraindik–. Eta azaroaren 20an, zapatua, Elorregin bailarako gainontzeko herrietako Movember ekimenetako kideekin topaketa egingo dela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak