Igogailua jartzeko Olarango obra, eginda

Maider Arregi 2021ko urr. 8a, 09:00

Aurten amaituko dira Olaran berritzeko eta irisgarri bilakatzeko lanak. Obra martxa onean doa, eta dagoeneko eginda dago igogailua jarriko duten tokia; besteak beste, komunak jartzeko instalazioa ere amaitu dute. 180.000 euroko kostua dute lanek.

Maiatzean abiatu zituzten Olarango jauregia berritzeko lanak. Lan hauen helburu nagusia udal eraikina den kultura etxea %100ean irisgarria izatea da, eta, horregatik, eraikineko pisu guztiak lotuko dituen igogailua jarri dute. Obra martxa onean doa, eta dagoeneko eginda dago igogailua ezarriko den tokia –argazkian ikusten da lehenengo solairuan igogailua jarriko du-ten zuloa eginda dagoela–.

"Igogailua eraikinaren barruan integratuta joango da. Lan horiek eginda daude jada, eta igogailua jartzea falta da orain. Igogailua sartzeko fosaz gain, eraisketa lanak ere amaituta daude; baita komun berriak jartzeko igeltserotza obra, instalazio elektrikoaren aldaketa eta iturgintzako azpiegitura berria ezartzeko lanak ere", azaldu du Antzuolako Udaleko Hirigintza teknikari Valen Moñuxek.

Obra aurten amaitzeko asmoa du enpresak, baina ondorengo asteetan badira egiteko dauden zenbait lan. "Igogailua instalatzeko dago oraindik, azulejoak eta baldosak jartzea ere falta da, dagozkion lan sanitarioak egitea, solairuetako sabaiak konpontzea, kristalezko ate automatikoak jartzea, pintatzea eta bukaerako txukuntze lanak egitea, hurrenez hurren. Kontratistak aurten bukatuko ditu obrak, baina lan batzuk esleitu gabe daude: sarraila automatiko berriak, seinalizazio berria eta altzariak", gaineratu du udal aparejadoreak.

Eraikin irisgarria

Lanok amaitzean, igogailua izateaz gain, eraikinak komun berriak, gelen banaketan alda-keta nabarmena eta hainbat instalazio elektriko eguneratuta izango ditu. Gauzak ondo bidean, 2021eko abendurako Olaran berrituta egongo da, beraz. Obrak irauten duen bitartean Olarango gela asko ezin dira erabili; hala, musika eskola, trikiti, eskulan, euskara edo ingeleseko eskolei alternatiba bilatu die udalak, eta Herri Eskolako gela aurrefabrikatuak erabiltzen dituzte eskolak ema-teko. Noizean behin bilerak egiten dituzten taldeek, aldiz, aurrez gelen erreserba egin beharko dute, idatziz, udaletxean.

Aurrekontu potoloa

Olarango berritze eta egokitze lanek 180.000 euroko aurrekontua dute. Ia 250.000 euro bidera-tuko ditu Antzuolako Udalak 2021eko inbertsioetarako. Hain justu ere, aurtengo aurrekontuaren baitan –2.830.323 euro–, Olarango obrak dauka diru kopuru handiena. Plan Orokorra burutzeko, berriz, 90.000 euro bideratuko dira aurten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak