Ur-hoditeria berritu dute Galartzan, auzolanean

Maider Arregi 2021ko urr. 1a, 10:00

Bihar, zapatua, emango diote amaiera Uzarragatik Gorriz baserrirainoko bideko lanei. Auzolanean egindako lanak dira, eta, ur-hoditeria berritzeaz gain, errepidea estutzen den zenbait gune zabaltzeko lanak ere egingo dituzte Galartza auzoan.

Bihar, zapatua, amaituko dute Galartza auzoan egiten diharduten auzolana. "Aurreko egubakoitz eta zapatuan hasi genituen lan batzuk. Egun bakarrean egiteko lanak ez dira, eta astea ere aprobetxatu dugu lanak aurreratzeko. Bihar, zapatua, amaituko ditugu lanak, ziurrenik", argitu du Nekazaritza eta Ingurumen zinegotzi Ion Arangurenek.

Ur-hoditeria, berrituta Zelai tarte batean ur-hoditeria berritu egin dute. "30 bat hodi sartu ditugu. Ur-hoditeria zaharkituta eta buxatuta, oztopatuta, zegoen, eta hodi berriak sartu ditugu Uzarragatik Gorriz baserrira bidean, Galartza auzoan, zehazki". Errepidean bestelako konponketa lanak eta txukuntze lanak ere egiten dihardutela gaineratu du Arangurenek. "Errepideko zenbait gune oso estuak dira, eta bidea ere zabal-du gura izan dugu. Hala, aste barruan, bidea zabaltzeko lanak abiatu ditugu, eta bihar, apurtutako zorua hormigoiz estaliko dugu, auzolanean", nabarmendu du.

Auzolana oinarri

Herri txikietan "duten aurre-kontu txikien ondorioz" auzolana gakoa dela zenbait lan aurrera ateratzeko ere adierazi du Aranguren zinegotziak. Auzolanerako jarrera oso ona dutela herritarrek kontatu du: "Erantzun oso ona izan du auzolanak. Bizi izan dugun egoerak zaildu egin duen arren, herritarrek ulertu dute modu honetan lan egiteak dakartzan onurak zeintzuk diren. Lanak ahal bezain pronto egiteaz gain, diru-partida txikiagoarekin lanak egin daitezkeela, hain zuzen ere". Auzolanerako taldea ere sortua dute: auzo bakoitzeko ordezkariak daude bertan, eta hamar lagunek osatzen dute. "Bihar, ordezkari horiez gain, auzotarrak ere izango dira bertan. Beraz, Galartza auzokoek auzolanera etorri gura badute, ongietorriak izango dira". Arangurenek gaineratu du oro har auzoetarako bideak egoera onean daudela. "Tarteka, pistak apurtu egiten dira basolanen ondorioz, baina egoera onean daude; Diputazioaren eskumenekoak diren zenbait pista bai-no hobeto daude. Gainera, urtero saiatzen gara mantentzea egiten. Urte bukaera edo hasieran auzoetako ordezkariekin elkartu eta goiz batean auzoetara bisita egiten dugu horien egoera aztertzeko. Ondoren, lehentasunaren arabera antolatzen dugu auzolana".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak