Belmonte-Galeano II.a txapeldun, 'historikoa' izan zen jaialdian

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 27a, 09:49

San Mateotako txapelketako finala poltsikoratu du Leire Galeano antzuolarrak Belmonte bikotearekin batera, finala erraz irabazita (18-1). Adarraga pilotalekua bete egin zen –aforoak baimentzen zuen edukiera kontuan hartuta– pilota jaialdia jarraitzeko, eta pilota zaleek ikuskizun apartaz gozatu ahal izan zuten.

Elite mailako eta promozio mailako San Mateo Txapelketako finalak jokatu zituzten domeka eguerdian Logroñon, eta elite mailan final lehiatua izan zen moduan, promozio mailan Leire Galeano eta haren bikote Belmontek ez zien kontrarioei inongo aukerarik eman. Belmontek eta Leire Galeano (14 urte) Ibone Salinas eta Alejandra Bilyak izan zituzten aurrean, eta 18-1 irabazi zuten.

Hala, final horrek ez zuen saltsa handirik izan, baina antolatzaileek nabarmendu dute txapelketa hauen benetako arrakasta harrobiko pilotariei ikusgarritasuna eskaintzea dela, "Kasu honetan Errioxakoari, domeka eguerdian Adarragan ikusitakoa bezain erakusleiho ikusgarria eskainiz eta hor arrakasta erabatekoa izan da", nabarmendu dute antolatzaileek.

Elite mailakoan lehia ederra

Eliteetan, azken hiru txapelketetan elkarrekin lehiatu ostean, Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek azkenean lortu zuten elkarrekin lehen mailako txapelak eskuratzea. Amaia Aldai eta Andrea Capellanen aurka 13-22 gailenduta lortu zituzten txapelak azken markagailuak iradoki dezakeena baino partida orekatuago batean. Izan ere, berdinketak etengabeak izan ziren oso orekatua eta lehiatua suertatu zen finalaren lehen zatian. Tentsioa eta presioa nabarmena izan zen bi bikoteetan hasiera horretan.

Gorrien artean, Amai Aldaik bikotearen pisua bizkarrean hartu zuen Andrea Capellanen eskarmenturik ezaren aurrean, eta Arrizabalaga eta Agirre askoz erregularragoak izan ziren. Horrela, partida berdinduta joan zen hamaikako berdinketara arte baina hortik aurrera gidoiak bat-bateko bira eman zuen. Olatz Arrizabalagak, Emakume Master Cup txapelketan palmaresik handiena duen pilotariak, aurrerapauso bat eman zuen zalantzazko hasiera baten ondoren, erremateetan asmatzen hasi zen eta Amaia Aldairekin koadro alaietan izan duen lehia ikusgarrian garaile izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak