Astelehenean, hilaren 6an, abiatu du haurreskolak ikasturte berria. Lau haur hasi dira asteon eta bosgarrena urrian hasiko da. Bi hezitzailek dihardute eta jada haurrak egokitzapenarekin hasiak direla azaldu diote GOIENAri. "Aste hau haurren egokitzapenarekin hasi dugu. Gainera, lehengo tokira itzuli gara, Antzuolako Herri Eskolako eraikineko gunera, eta aste hau aprobetxatu dugu baita ere txukuntze eta prestatze lanak egiteko", azaldu du Vanesa Tamayo hezitzaileak. Tamayok gaineratu du pixkanaka normalitaterako bidean murgildu direla, eta oraindik ere osasun neurriak ezinbestean hartu behar diren arren eta funtzionatzeko modua iazkoaren berdintsua izanagatik, ohikotasun kutsuaz hasi dutela ikasturtea.
Izen ematea zabalik dago
Haurreskolan izena emateko aukera urte osoan zehar dute herritarrek, eta interesa dutenek mezua bidali dezakete antzuola.antzuola@haurreskolak.eus helbidera edo 943 78 60 15 telefono zenbakira deitu dezakete.