Datorren azaroan Thailandian jokatuko da mundu mailako Trail Running txapelketa eta bertan izango da Ekain Larrea antzuolarra. Joan den domekan Kanarietan jokatutako mendi-lasterketan lortu zuen mundu mailako txapelketara joateko txartela; bere anaia, Ibai Larrea ere, bertan parte-hartzen izan zen hirugarren gelditu zelarik.
Antzuolarrarentzat lehenengo aldia izan da Estatu mailako lehiaketa bat irabazten, eta egindako lanarekin "oso pozik" dagoela adierazi du, lorpen "handia" baita berarentzat. Mendiaren inguruan jarritako zirkuituari bi buelta eman behar izan zizkioten partaideek, eta Larreak GOIENAri adierazi dionaren arabera, "ez zen oso gogorra izan".
Hiru dira estatu-mailan jokatzen diren lasterketak mundualera nortzun igaroko diren erabakitzeko; horietako bi lehiatu ditu antzuolarrak. Lehena, Kantabrian jokatu zen, non bigarren postuan gelditu zen, hala, Kanarietako lehiaketan parte-hartu behar izan zuelarik. El Paso-ko herrian (Kanariak) jokaturiko lasterketan lortu zuen mundialerako pasea, 24:01 minutuko denborarekin.
Orain, hurrengo erronka Thailandiako Trail Running txapelketa izango du antzuolarrak. Hala ere, Espainiako kroseko txapelketan ere parte hartzea gustatuko litzaiokeela aitortu du kirolariak.
Anai arteko lehia
Ibai Larrea, Ekain Larrearen anaia, ere izan zen Kanarietan jokatutako mendi-lasterketan, hirugarren postua lortuz. Elkarren arteko garaipena izanaren inguruan galdetuta, "batera entrenatzen dugu, baina, ondoren, lehiaketan, bakoitzak berea egiten du. Anai-arteko lehia pixka bat badago", adierazi du Ekainek, barre artean.