Urte gorabeheratsuan, aktibo mantentzearen helburua lortu du AKEk

Maider Arregi 2021ko uzt. 16a, 19:39

Antzuolako Kirol Elkarteak urteko batzar orokorra egin du Torresoroan. Ibon Gezalaga presidenteak aitortu du pandemiaren ondorioz, gorabehera handiko urtea izan dela, baina, oro har, batzordeak egiten duen balorazioa ona dela.

"Ikusita nolako urtea bizi izan dugun, esan daiteke nahiko urte ona izan dela. Une batzuetan zaila izan bada ere, aktibo mantendu gura genuen, eta lortu dugu", azaldu du Gezalagak. Diru kontuez ere jardun du AKEko presidenteak: "Sarrera eta gastu askorik ez dugu izan; aldagela barruko hornidura izan da gasturik handiena. Hala ere, ekonomikoki urtea ondo amaitu dugu".

Eztalako aldagela berrien erabilerari dagokionez, denboraldi berriari itxaron beharko diotela adierazi du AKEko presidente Gezalagak.

Denboraldi berrirako, aldaketak

Jokin Aranzabal izango da batzarkide berria. "Ilusioz eta gogotsu" hartu duela erronka adierazi du. Batzordetik irten da, aldiz, Mikel Larrañaga. Orain, kirol arloko bestelako antolaketa eta prestaketa lanetan jarraituko du. Gezalagak beste urtebetez jarraituko duela presidente karguan adierazi du, baina erreleborako dei egin du. Bestalde, bazkideen kuota eguneratzearen beharra ere azaleratu dute. Hala, 35 eurotik 40 eurora pasako da urteko kuota. Eta jakinarazi dute 2021-2022 denboraldian entrenatzaile guztiek jarraituko dutela. AKEk preferente, gazte, kadete eta infantil mailetako taldeak izango ditu; baita futbol eskola ere. Bergararekin duen hitzar-menari eutsi egingo dio; izan ere, kadeteetan eta infantiletan talde mistoak izatea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak