Aiherra-Antzuola murala –Torresoroaren eskuinetara gelditzen den pareta– auzolanean margotuko dute eguenean. Edozein herritarrek eman ahalko du izena hori margotzeko; izan ere, muralgintza proiektua aurkeztu duten Oier Peñagarikanok eta Jone Larrañagak lana erraztuta utziko dute ordurako. "Guztia markatuta utziko dugu eta auzolanean betelana egin beharko dute herritarrek", esan du Peña-garikanok. Larrañagak, bestetik, hauxe gaineratu du: "Gogoz hartuko duen eta interesa jarriko dion edozein herritarri dei egin nahi diogu parte hartzera; umeetatik hasi eta nagusietaraino". I
Izan ere, adierazi dute egungo murala "zaharra" geratu dela, eta buelta bat eman nahi izan diote aurretik zegoenari. Beste zortzi mural berri ere margotuko dituzte aurrerantzean. Beñardo Kortabarria alkateak azaldu du horietan erakutsiko duten gaiek izango dutela Antzuolarekin zerikusia: "Gaiek uste dut lotzen dituztela hainbat balio Antzuolan bultzatu nahiko liratekeenekin; senidetasun hori, Euskal Herriko nozio hori denok bat garela, Kaxianori nolabaiteko errekonozimendua bertakoa zelako, pilota ere landuko dugu, mural feminista bat ere izango da, Euskaraz blai leloa sartu dugu haurrak ibiltzen diren ur parkean... Ez da pintatzea, pintatzeagatik. Lotura bat egin nahi dugu gure izaerarekin, artea kalera atera eta herria txukun eta polit geratuko da".