Pili Fernandez: "Loreek alaitasuna ematen didate"

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko uzt. 9a, 09:05
Pili Fernandez, begoniekin eta zainzuri-landareekin apaindutako balkoian.

Aurten, 25. urtez antolatu dute lore lehiaketa. Beste urte batzuetan ez bezala, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute liburutegian, eta gaur, egubakoitza, izango da horretarako azken eguna. Lehiaketan parte hartuko duen eta 2014an irabazle izan zen Pili Fernandezek, balkoian dituen loreei buruzko azalpenak eman ditu.

Hilaren 25ean, Herriko Plazan lore lehiaketako parte-hartzaile guztien balkoietako argazkiak jarriko dituzte paneletan ikusgai, 11:00etatik 18:00etara bitartean. Herritarrek gustukoenari botoa emateko aukera izango dute, panelen ondoan egongo den kaxan, eta hurrengo egunean jakinaraziko dute irabazlearen izena. Pili Fernandezek 2014an irabazi zuen lehiaketa eta aurten ere hartuko du parte.

Gustatzen zaizu balkoia lorez apainduta edukitzea?

Bai; izan ere, urte osoan izaten ditut askotariko loreak balkoian. Neguan sasoi horretakoak jartzen ditut eta udan aldatu egiten ditut. Esaterako, garai honetan surfiniak izatea asko gustatzen zait, oso politak gelditzen direlako, koloretsuak eta alaiak direlako. Baina egia da gero lorea azkar galtzen dutela.

Aurten ez dituzu surfiniak jarri.

Ez. Iaz ez zuten askorik iraun, eta aurten beste batzuk probatu nahi izan ditut. Hiru koloretako begoniak jarri ditut –arrosak, gorriak eta zuriak–, eta zainzuri-landare berdeak ere jarri ditut.

2014an, lehiaketa irabazi zenuenean, surfiniak izan zenituen, ezta?

Bai; ikaragarri politak izan nituen orduan. Baina gogoratzen naiz lehiaketa pasa eta hamabost egunera guztiak galdu nituela! Sekulako penarekin, baina ezin izan nituen berreskuratu.

Dena den, asko gustatzen zaizu loreak zaintzea.

Gustura ureztatzen ditut, bai, eta semeak ere laguntzen dit lan horretan. Bitaminak ere ematen dizkiet tarteka, eta balkoia polit jartzea gustatzen zait, sukaldean nagoenean loreei begiratu eta alaitasuna ematen didalako. Asko gustatzen zaizkit.

Etxe barruan ere badituzu?

Egongelan esaterako, hiru landare handi dauzkat. Gurasoen etxean ere beti izaten genituen, horrelakoak ikustera ohituta nago eta gustatu egiten zait. Gainera, orokorrean, asko irauten dute. Egongelako horiek hamahiru bat urte dituzte, baita sukaldekoek ere.

Aurten ere parte hartuko duzu lehiaketan?

Bai, izena emango dut. Uste dut lehiaketak lagundu dezakeela, gainera, herritarrek balkoiak polit jartzera. Kanpora joaten naizenetan ere asko gustatzen zait lorez apaindutako balkoiak ikustea. Nafarroa aldean eta Frantziako hainbat lekutan asko zaintzen dituzte loreak balkoietan, esaterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak