Bigarren kolunbarioa jarri dute hilerrian

Maider Arregi 2021ko uzt. 9a, 09:00

Geroz eta herritar gehiagok aukeratzen du hildakoak erraustea. Hori dela eta, errautsak kanposantuan gordetzeko eskaria ugaritu egin da azken urtean. Egoera hori ikusita Antzuolako Udalak kolunbario berria jarri du hilerrian.

"Gorpua erraustearen aldeko hautua, lurperatzearena baino jende gehiagok hartzen du; hala ere, oraindik, nahiko parekatuta daude bi eskaerak Antzuolan. Baina joera erraustea dela nabarmena da", azaldu dute udal bulegoetako administrazioko langileek.

2013an jarri zuen udalak lehenengoz kolunbario bat hilerrian. "Orain bigarrena jarri dugu, eta kostua 8.900 eurokoa izan da. Erabilgarri dago, baina beste kolunbarioa ez da guztiz bete oraindik. Kalkulatu dugu aurten beteko dela eta gero hasiko gara bestea erabiltzen", argitu du Valen Moñux udaleko Hirigintza teknikariak. Kolunbario bakoitzak 30 kutxa ditu, beraz, gaur gaurkoz, 60 kutxa daude instalatuta bi kolunbarioetan. Hirigintza teknikariak azpimarratu bezala, 2013tik gaur arte, lehen kolunbarioko kutxa-lekuen erdiak beteta daude.

Kolunbarioaren kutxaren neurria 20x20x31 zentimetro da, eta aurreko aldea granito beltzekoa du. Altzairu herdoilgaitzezko identifikazio-plakan, hildakoaren izena eta abizenak edo ezizena azalduko dira, eta, horrekin batera, jaiotza eta heriotza datak ere ipiniko dituzte.

10 urte luzatzeko aukera

Udal ordenantzaren arabera, ofizialki, kolunbarioa erabiltzeko epea hamar urtekoa da. Kostua, aldiz, 150 euro ingurukoa –sarrera ordaintzen da soilik–. Aurtengo aurrekontuetan, bestalde, beste diru partida bat bideratu du udal gobernuak hilerriko hezurtegiko lanak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak