Lanean jarraitzeko "gogoz" agertu da Antzuolako EH Bildu asteburuan egindako ekitaldian

Jone Olabarria 2021ko eka. 21a, 15:14

EH Bilduren hamargarren urteurrenaren harira, ekitaldi politikoa egin zuten 11:30ean udaletxe parean. Esti Elduaien batzarkideak EH Bilduren 10 urteen inguruan jardun eta Antzuolako kudeaketa eredua azpimarratu zuen.

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du asteburuan Antzuolako Herriko Plazan. Zinegotziek eta hainbat herritarrek parte hartu dute bertan, eta agintaldiko lehen bi urteetako balorazioa ere egin dute. Bertsoez gozatzeko aukera ere izan dute gerturatu direnek, baita Lierni Errasti eta Saioa Zabalo antzuolarren musikaz.

"Ilusioz" lanean jarraitzeko

Beñardo Kortabarria alkateak agintaldian zehar, eta orain arte, egindakoaren balorazio positiboa egin du, eta "ilusio eta gogo handiz" lanean jarraituko dutela aitortu du: "Kontuan hartuta pandemiak bete-betean harrapatu gintuela, aurrekontuaren gauzatze emaitzak oso onak izan dira; 2019an pentsatutakoaren %97 egitea lortu genuen".

Alkateak azaldu duenez, eta "ezgaitasun estrukturala" eduki eta "kudeatzaile txarrak" izatea leporatu zaien arren, 2020.urtean aurreikusitakoaren %85 gauzatu zuten: "Pandemiaren ondorioz bi proiektu handi atzeratu behar izan ziren, bestela %92an ibiliko ginateke erraz".

Hamar urteren ostean, "sendotuta"

EH Bilduren hamargarren urteurrena gogora ekartzeko hitzordua ere izan da gaurkoa Antzuolan, Esti Elduaien batzarkidearen eskutik,: "Hamar urte mugimendu politiko batentzat epe motza da, nahiz eta hasi berriak ere ez garen, ibilbide honetan denetik bizi izan dugu. Koalizio moduan sortu zenetik gaur egun arte bilakaera gorabeheratsua izan dugu, baina orain sendoago gaude".

Herritarrek EH Bildurengan konfiantza dutela uste du Elduaienek: "Lehen indar munizipala gara, eta Gipuzkoako herrien erdietan EH Bilduk gobernatzen du, eta hori jendeak gugan duen konfiantzaren seinale da". Azken urteetako bilakaera ere azpimarratu nahi izan du: "Izandako hauteskunde guztietan gora egitea lortu duen indar politiko bakarra izan gara, eta hortaz, esan dezakegu indartuta gaudela". "Aldaketarako alternatiba" direla azaldu du Elduaienek.

Antzuola, "eredugarri"

EH Bilduk "egiten badakiela" demostratu du Antzuolako kudeaketak azken urteetan, Elduaienen ustez: "Antzuolan, beste hainbat herritan bezala, ondo eta garbi demostratu da EH Bilduk kudeatzen badakiela, herritarrek konfiantza dutela, eta urtetik urtera, hauteskundez hauteskunde, babesa geroz eta handiagoa dela".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak