Plan Orokorra eta lursailen erosketa, hizpide osoko bilkuran

Maider Arregi 2021ko mai. 26a, 10:37

Antzuolako Hirigintza antolamendurako Plan Orokorra, herriko landa-lur pribatuen erosketa, udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko plana eta Palestinaren egoera izan du udalbatzarrak, besteak beste, hizpide maiatzeko ohiko osoko bilkuran.

Udalbatzarrak martitzenean egin zuen maiatzeko ohiko osoko bilkura. Gai zerrendan Antzuolako Hirigintza antolamendurako Plan orokorra idazteko pleguak onartzea bazetorren ere, forma akatsengandik ekaineko osoko bilkuran onartzea adostu du udalbatzarrak.

Plan orokorrak 242.000 euro inguruko aurrekontua du, eta lau urtetan egitea dela asmoa azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak. 2021ean, 90.000 euro bideratuko ditu Udal Gobernuak. "Herriko lur guztiak definituko ditugu eta lau urteko epean gauzatu, antolamenduak izan ditzakeen aldaketak kontuan hartuta. Plegua eginda dago, eta asmoa da lehiaketara ateratzea behin osoko bilkuran onartuta. Herriko eta mendiko lursailak aztertzea da xedea, eta parte-hartze bidez erabakiak hartzea. Emakumearen rola ere kontuan hartu gura dugu prozesu honetan", argitu du alkateak.

EAJko Miren Elgarrestak txostenean "zenbait forma akats eta "zuzenketak egin gabe" daudela ohartarazi du. Hala, udalbatzarrak akatsak zuzendu eta ekainekoan onartzea adostu du.

Lur pribatuen erosketa

Antzuola ernaberritu planak egindako lanketaren ondorioz, basogintzarako, orturako nahiz larre bilakatzeko, zein landa-lur den egokia aztertu du udalak. "Gune jakin batzuk identifikatu eta lurrak saltzeko aukera eman genien herritarrei 2019an. Lau jabe aurkeztu dira deialdira. Lursail egokiak dira, malda gutxikoak eta pinudiak dituztenak. Pinuak kendu eta abeltzaintzarako larre bihurtzea da helburua". 9.600 euro pasatxo ordainduko ditu udalak larreongatik. Ondoren, lur sail hauek onura publikoko sail bezala izendatu beharko ditu diputazioak eta enkantera aterako dira errenta bidezko erabilera publikorako.

Udaleko giza baliabideak

Antzuolako Udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko planak aurrera egin du EH Bilduren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin. EAJk aurka bozkatu du: "Ez dago plan zehatzik, ez dugu argazkirik, ez diagnosi edo aurreikuspen ekonomikorik". "Udalhitzek onartuta dauka eta sindikatuekin hitz eginda dago; sindikatu guztiak daude ados 65 urte baino lehenago erretiroa hartu nahi duenari aukera ematea, alegia. Aurten kasu bat daukagu udalean; datorren urtean beste bat", dio gobernuak.

Amaitzeko, esan, Palestinak bizi duen egoeraren gaineko adierazpen instituzionala ekainean onartuko duela aho batez udalbatzarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak