Landatxopekoen asanbladan, egoitza eredua eta pentsioak hizpide

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 25a, 10:54
Landatxope erretiratuen elkarteko batzar orokorrean.

Zapatuan ospatu zen Landatxope erretiratuen elkarteak urteko batzar orokorra. Azken bi urtetan egindakoak gogoratu, eta aurrera begirakoak zehazteko aprobetxatu zuten. Horrekin batera, egoitza eredua eta pentsioak izan zituzten berbagai. Azkenik, batzordeko kide aldaketak ere adierazi zituzten elkarte kideen aurreran.

2020an ezin izan zuten asanbladarik egin pandemiaren eraginez, eta zapatuko hitzorduan, 2019 eta 2020an, martxoko konfinamendu data bitartean, egindako ekintzak gogoratu zituzten eta urte horietako diru kontuak aurkeztu eta onartu. Eta lokala itxi ondoren egin ziren aurrez-aurreko eta Internet bidezko bilera eta ekintzak ere aipatu zituzten.
 
2021erako egitasmoa eta aurrekontua ere aurkeztu zuten. Izan ere, Landatxopek oraindik lokala itxita eta ekintza gehienak bertan behera dituen arren, ez du itxaropena galtzen eta, ahal den neurrian, joango da normaltasuna eskuratzen, hori bai, beti osasuna lehenetsita.
 

Egoitza eredua aldatu nahian

 
Denbora honetan zaharren egoitzetan izan diren arazoak  gogoratu eta aztertu ziren asanbladan. Egoitzak ez daude gertatu den arazoari erantzuteko prestatuta, ez antolaketan, ez baliabide pertsonal eta materialetan. Tamalez, pertsona nagusi asko geratu dira bidean eta horrek egoitza eredua aldatze aldera konpromiso bat exijitzen digu, bai nagusien elkarteei, erakundeei eta gizarte osoari. Landatxopek uste du lan asko dagoela egiteko: bestelako egoitza eredua ikusten baitute behar-beharrezkoa. 
 

Pentsioez jardun zuten

 
Pentsioen gaiak ere izan zuen bere lekua. Landatxoperen esanetan une garrantzitsua da hau pentsio duinen aldeko mobilizazioari eusteko, Europa eta  finantza-sektorea eta enpresaburuen zirkulua, besteak beste, gobernua presionatzen ari dira, gaur egun pentsiodun garenon lanari eta mobilizazioari esker hamarkadetan zehar eskuratu ditugun eskubideak murriztu daitezen. Horregatik Landatxopek bat egiten du maiatzaren 29an Donostian egingo den manifestazioarekin. Eta, bereziki, dei egiten die pentsiodun eta herritar orori zapatuan, 12:00etan, plazan izango den elkarretaratzean parte har dezaten.
 

Juntako kide berriak

 
Amaitzeko, 2020 eta 2021eko juntakide aldaketak onartu ziren. 2020an Mª Nieves Zabalo, Lorentzo Iturbe eta Iñaki Elorza sartu ziren Zuzendaritza batzordean. 2021ean, berriz, Jose Anjel Arbulu, Claudia Alvarez eta Avelino Martínez ditugu batzordekide berriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak