Iaz Mendi Astea egitea ezinezkoa izan bazen ere, aurten Arrola Mendizale Taldeak dena gertu dauka. Hala, hilaren 27an, martitzena, Torresoroan, 2021ko Mendi Film jaialdiko ikus-entzunezko onenak eskainiko dira, 18:30ean hasita. Hasiera baina, 2019an epaimahaiaren saria eskuratu zuen Cholitas dokumentalak emango dio. Boliviako gailurretara igotzen diren emakume indigenei eskainitako filma da. Jaime Murciegok eta Pablo Iraburuk zuzendutakoa. Aurretik, baina, beste bi film labur eskainiko dira: Harria Herria –7 minutu– eta The wurl –15 minutu–. Sarrera 5 euro.
Mendi Asteari jarraipena hilaren 29an, eguena, emango zaio. 18:00etan, Arrola taldeak urteko batzar orokorra egingo du. Ondoren, 19:00etan, Mendian hil, Hirian hil dokumentala izango da ikusgai, Torresoroan. Euskarazko pelikula onenaren saria eskuratu zuen 2020ko Mendi Film jaialdian. Bertan izango da Iñaki Peña zuzendari eta medikua. Sarrera doakoa den arren, aurrez erreserba egitea nahitaezkoa da, labur.eus/sarrerakantzuola helbidearen bitartez. Maiatzaren 1ean, berriz, mu-garrien bigarren etapa egingo dute, Koroso eta Trekutz arteko ibilbidean barrena.