Aiherran bezala, 'Kutxa bira' Antzuolan izango da apirilaren 25ean

Jone Olabarria 2021ko api. 17a, 10:38

Apirilaren 25ean, domeka, iritsiko da kutxa Antzuolara, Zumarragatik etorrita. Ongietorria eta ekitaldia egin ostean, Legazpira abiatuko da, Lakiolatik. Herritarrek bertan sartzeko mezuak lagatzeko aukera izango dute hilaren 23ra arte, udaletxean

Iparra-Hegoa elkarteak udaberriro antolatu ohi dituen ekintzen alternatiba gisa prestatu dute aurtengorako Bizi gira... Kutxa bira ekimena. Diaspora eta hain-bat euskal herri euskararen baitan batzeko helburuarekin abiarazi zuten, Argentinako Viedma herrian, martxoaren 20an, eta hala jarraituko du bidea Euskal Herrian barrena, maiatzaren 30era arte, tartean Antzuolatik pasata.

Egurrezko kutxa protagonista

Ekimen horrek egurrezko kutxa bat du oinarri, eta euskara, lurraldetasuna eta bestelako hamaika aldarri batu nahi dira bertan. Hain zuzen ere, Argen-tinako Viedma herriko Rocio eta Imanol Basterrak euskararen aldeko mezua bidali nahi izan zuten kutxaren abiatzearekin batera: "Ez da distantziarik, ez gerrarik, ezta pandemiarik euskaraz bizitzea ezinezko eginen duena. Guk euskaraz egiten badugu, zuek zergatik ez?".

Ongietorria prest herrian

Apirilaren 25ean, domeka, goizean ekingo diote antzuolarrek harrera ekitaldiari. Aurreikusitakoaren arabera, 11:45ean iritsiko da kutxa, Zumarragakoek ekarrita, eta harrera egingo zaio plazan. Ondoren, soinu-joleek lagunduta, Torresoroara eramango dute kutxa.

12:00etan, ekitaldi nagusia egingo dute Torresoroa pareko muralaren aurrean. Jakinarazi dute COVID-19aren segurtasun neurriak betetze aldera derrigorra izango dela elkarren artean gutxienez metro eta erdiko distantzia mantentzea.

Bertsoak eta manifestua

Ekitaldian bertan, proiektuaren aurkezpena, manifestuaren irakurketa eta bertsoak izango dira protagonista. Ostean, Aiherra- Antzuola Muralaren berritzea egingo dute. Aurreskua dantzatu ostean, Antzuolako mezua aditzera eman eta kutxan sartzea egingo dute.

Apirilaren 11n Aiherran egin zuten bezala, bi herriak batzen dituen bertso berezi bat izango da Antzuolan ere. Ramuntxo Christyk egin du, Kabalkadako kantuaren doinu berarekin, eta bi herrien elkarlan eta urteetako konpromisoa ditu ardatz.

Kutxara gehitu diren mezuei dagokienez, antolatzaileek jakinarazi dute aukera egongo dela nork bere mezua helarazteko, udaletxera eramanda apirilaren 23a baino lehen. Antzuolan egon ostean, 16:00etan, Lakiolan, Legazpiri kutxa entregatzea egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak