Agorrosin auzia eta Eztalako obrak izan dituzte berbagai osoko bilkuran

Maialen Santos 2021ko mar. 31a, 14:58

Martxoko ohiko osoko bilkura egin zuten atzo Antzuolan. Agorrosin auziak eta Eztalako obren amaierak hartu zuten bertan protagonismo nagusia.

Beñardo Kortabarria alkateak azaldu zuen sententzian ebatzi dela beste udal batek ez duela eskumenik Bergarako Udalaren zerga politika ezbaian jartzeko, kasu honetan, Antzuolako eta Elgetako udalak ez direlako zuzenean kaltetuak. Horren harira, Agorrosin auziaren bueltan aurrerantzean emango dituzten urratsak oraindik zehazteke daudela azaldu zuen: "Auzi honi dagokionez, norbanako batek ere salatu zuen Bergarako Udala. Sententzia hori noiz irtengo zain gaude, emaitzaren berri izan eta zein norabide hartu abokatuarekin adosteko", adierazi zuen alkateak.

Eztalako obrak, atzerapenarekin

Eztalako obrari dagokionean lanen atzerapenagatik enpresari kobratu beharreko diru kopuru osoa murriztea erabaki zuen udalbatzak. "Enpresari kobratu beharrekoa osorik ez pasatzea erabaki dugu, baita obra zuzendaritzaren partea ez ordaintzea –luzapena ez delako gure arrazoiengatik izan–, eta hango zoruaren amaiera behar bezala egitea exigitzea ere".

Ostalaritza Aurrera Gipuzkoa plataformak mozioa aurkeztu zuen, udalak euren egoeraren berri beste erakunde batzuei ematea eta diruz laguntzea eskatuz. EH bilduk aldeko botoa eman zuen, EAJ abstenitu egin zen eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen. EAJko zinegotzi Basili Ormazabalek azaldu zuen "onartzen" dutela ostalariek egoera zaila bizi dutela, "baina beraiek bezala baita beste sektore batzuek ere". Gaineratu zuen ostalariek jaso dituztela Jaurlaritzatik, Aldunditik eta udaletik eratorritako laguntzak, eta hori gutxi balitz, "euren eskakizuna ez da batere zehatza". 

Keinu bat batera ekimenari atxikipena ere onartu zuten, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin, eta PSE-EEren ezezkoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak