Ogeitturri inguruan egin dituzte lanak Arrola taldeko kideek

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 29a, 16:01

Arrolako zenbait kide talde argazkian.

Arrola mendizale taldea martxan da berriz ere "normalitate berrian". Deialdi publikoa egin gabe, osasun neurriengatik, Ogeitturriko ingurua eta iturria txukundu zuten zapatuan. Beste aldetik taldeko kideek egindako azken bileran, irteera bat eta mendi astea antolatzea erabaki dute apirilerako, Aste Santu osterako.

Zapatuan zenbait lan egin zituzten Ogeitturri inguruan. Horren baitan, honakoa adierazi dute taldekideek: "Antzuolako Udala eta Arrolaren artean egon dira azken garai honetan zeregin bateratuak. 2020ko urriaren 17an, esate baterako, Korrostarratzu eta Trekutzeko parkeak egokitu ziren. Orain, berriz, Ogeitturri inguruari egokitu zaio, eta aitortu beharra dago elkarlana oso positiboa izan dela, nahiz eta osasun egoragatik deialdi publikorik ez egin. Badaude herrian izenaren jabe dauden inguruak. Euretako bat Ogeitturri da, izan ere makina bat iturburu sortzen da bertan. Ingurua oso añubea da, hezea eta lokatza dezentekoa, baina gure helburu nagusia bertako iturria eta bere ingurua txukuntzea zen, aspalditik ez zerion urik iturriari eta. Hala, ur aska askatu eta lokatzaz zein sedimentuz askatzea izan zen lanetako bat, iturriak bere jatorrizko ura errekuparatzeko. Bide batez, baina, bertaratzeko bidea txukundu zen, gurutzatuta zeuden zuhaitzetatik libratuz. Baina inguruak bazeukan beste arazo bat: kontrolik ez zeukaten urak non-nahi ari zirela baztarrak erosionatzen eta lokazten. Beraz, beste helburutako bat ur guzti hauek kanalizatzea izan zen. Bukaeran, hamarretakoarekin eta taldearen argazkiarekin batera, Arrola mendi elkarteak plakatxo bat jarri zuen iturri gainean, bertatik pasatzen denak jakin dezan behinik-behin ze iturriko ura edaten ari den".
 

Mendi Astea

 
Aurrera begira antolatu duten irteeraren gaineko informazioa eta mendi astean izango dituztenak adierazi dituzte taldekideek:
 
  1. Apirilaren 24ean: Atzeratutako irteera bat egingo dute, egun osokoa: Urkulu-Degurixa-Maruatx-Aznardako atea-Kurtzeberri-Mendiola-Urkulu.
  2. Mendi astearen hasiera ibilbidea izango bada ere, beste hiru ekintza egongo dira: apirilaren 27an (Cholitas escaladoras); apirilaren 29an (Mendian hil, hirian hil, Iñaki Peña zuzendaria etorriko da); eta maiatzaren 1ean (Egun osorako, herriko mugarrien bigarren etapa: Antzuola-Trekutz-Trintxuleku-Boton-Deskarga-Ardanbideta-Arrola-Koroso-Antzuola).
  3. Urteko batzar orokorra apirilaren 2an egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak