EH Bilduk hamar urtetan egindako jarduna elkarbanatuko du herritarrekin zapatuan

Maider Arregi 2021ko urt. 26a, 09:29

Urtarrilaren 30ean, zapatua, batzar irekia egingo du EH Bilduk Torresoroa aretoan, 09:30etik 12:00etara bitartean. "EH Bilduren kongresuaren eta Udaleko jardunaren inguruan arituko gara, eta ondoren, tarte zabala izango dugu bakoitzak dakarrenaren inguruan hitz egiteko", jakinarazi du Antzuolako EH Bilduk.

Hamar urte dira EH Bildu lehenengo hauteskundeetara aurkeztu zela. Ordutik egindako lanaren berri emango du zapatuan Antzuolako EH Bilduk, eta bere jardunaren hausnarketa ere egingo du: "Hamar urtetan lan mardula egin dugu, batik bat tokiko erakundeetako jardunean. Euskal Herriko independentista eta ezkertiarren erreferente gara. Bada, erreferentzia izatea ez da nahikoa, eta oinarri hori nola indartu eta independentziaren eta justizia sozialaren helburuak lortzeko zein bide eta estrategia jorratu erabakitzeko kongresua burutuko dugu 2021aren lehenengo erdi honetan".

Zapatuko kongresuaren parte izango da baita ere, EH Bilduko zuzendaritza karguetan ariko diren kideak aukeratzea. "Batzarraren lehenengo ordu erdi batean, kongresuaren nondik norakoez, epeez, eta parte hartzeko moduez arituko gara. Udaleko jardunaren inguruan. Azken hiru legegintzaldietan izan dugun zorra ordaintzeko zama arinduta, aurrera begira jarrita gaude, Udal kudeaketarako garai gogorrak izaten ari diren arren. Hainbat lan talde ari dira gai ezberdinen inguruan lanean, zinegotzi taldearen bueltan. Zinegotzien lanaren, aurrekontuen eta lan talde horien jardunaren inguruan arituko gara, batzarreko parte hartzaileen iritziak eta ekarpenak jasoz". 

Azken zatian, aldiz, tarte zabala hartuko dute herritar bakoitzak dauzkan kezka, egonezin eta ekarpenak elkarbanatzeko. "Herritarren ekarpenak, izan herri zein nazio mailakoak, tarte zabala eskainiko dugu. Egoera honetan inoiz baino nabariagoa da horretarako daukagun beharra. Zailtasunak zailtasun, elkartu, eta elkarrekin jarduera politiko indartsu bat garatzea inoiz baino beharrezkoagoa da gure komunitatea justizia sozialaren eta independentziaren bidean antolatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak