Bertsolaritzaz gozatzeko urteko lehen hitzordua prest dute Antzuolako herritarrek, nahiz eta, antzuolarren bertso zaletasunaren seinale, sarrerak dagoeneko agortuta dauden. Udalak antolatuta, bertso saioak goi mailako bertsolariak batuko ditu bihar, urtarrilak 16, Torresoroan, 18:00etan. Bertan arituko dira, hain zuzen ere, Beñat Gaztelu-mendi, Unai Agirre, Uxue Alberdi eta Alaia Martin bertsolariak.
Torresoroan egingo duten saioan Iraia Gabilondo antzuolarra arituko da gai jartzaile lanetan. Esperientzia du gai jartzaile, aurretik ere aritu izan baita halako lanetan herrian antolatutako hainbat saiotan: "Lau edo bost aldiz aritu izan naiz Antzuolan egin ditugun bertso saio ezberdinetan gai jartzaile lanetan, eta zapatuan ere hala izango da. Bertso saio polita eskaintzea da asmoa, antzuolarren gozamenerako".
Bertso saio "goxoa"
Hain zuzen ere, Gabilondok saioaren nondik norakoak azaldu ditu. Zehaztu duenez, bertso saio "arina" izango da biharkoa: "Neguan egiten diren areto itxietako bertso saioek, sarritan, sakontasun handiko gaiak jorratzen dituzte, eta, kasu honetan, umoretik, gai arinak ekarri nahi izan ditugu Torresoroara. Nahiz eta horrek ez duen esan nahi sakontasunez landutako saioa ez denik izango, noski".
Era berean, Gabilondok azaldu du asmoa saio "goxoa" prestatzea izan dela, herritarren gozamenerako: "Beñat Gaztelumendi, Unai Agirre, Uxue Alberdi eta Alaia Martin izango dira Torresoroan, eta denon artean saio goxoa antolatzea da helburua; azken batean, neguko arratsalde hotz bat goxatzea da asmoa".
Sarrerak agortuta
Saioak harrera "oso ona" izan duela azaldu dute antolatzaileek, eta horren adierazgarri da emanaldirako 58 sarrerak egun ba-karrean agortu direla: "Kontuan hartu behar da edukiera muga batzuk bete behar direla eta horrek murrizten duela jende kopurua, baina oso harrera ona izan du. Betidanik bertsozale izan diren horiek ere, hainbat kasutan, sarrera gabe geratu dira zapatuko saiorako".
Hala, COVID-19aren eraginez, Torresoroarako ezarritako edukiera beteko du biharko saioak. Gogoratu behar da segurtasun neurriak bermatzeko emanaldian zehar maskara jantzita eduki beharko dela, eserita egon beharko dutela ikusleek eta eskuak desinfektatu behar direla instalaziora sartzean, besteak beste.