Malgutasun handiko aurrekontuak 2021erako

Maider Arregi 2020ko abe. 18a, 15:12

2.700.000 euro inguruko aurrekontua du esku artean Antzuolako udalak. Inbertsioen diru partida handiena Olaran etxeko obrak eta herriko plan orokorrak eroango dute. Ogasun batzordean aztertu ostean, hilaren 29ko osoko bilkurara eroango dute.

COVID-19aren egoerak eraginda ziurgabetasun handiko aurrekontuak izango direla 2021ekoak aurreratu dio GOIENAri Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak. "Pandemia dela-eta ez dakigu hemendik hiru hilabetera nola egongo garen, egoera zein izango den eta gure egunerokotasunak zein bilakaera izango duen. Horregatik, segurtasunez eta malgutasunez jokatzearen alde egin dugu. Gainera, gastu eta oreka arauak ez dira aplikatuko 2021ean. Hala, gera-kina edozein unetan erabiltzeko aukera izango dugu. Aurtengoa nola bukatzen den likidazioa martxoan jakingo dugu, baina 575.000-600.000 euro inguru izango ditugu erabiltzeko aukerarekin. Foru Funtsetik %15 gutxiago jasoko dugu, eta guztia hartu behar dugu kontuan". 2021ean zorrik ez du izango Antzuolako Udalak eta horrek ere eragingo du udal kontuak osasuntsuagoak izatea.

"Gastu arauetan ere asko eragingo du zorrik ez izateak. Zorpetzeko aukera izango genuke, horren beharra egongo balitz, noski. Gauzak gertatu ahala hartuko ditugu erabakiak", argitu du alkateak.

Inbertsio nagusiak

Plan orokorrak 250.000 euro inguruko aurrekontua du eta lau urtean egingo da. 2021ean, 90.000 euro bideratuko ditu Udal Gobernuak. "Herriko lur guztiak definituko ditugu eta lau urteko epean gauzatu, antolamenduak izan ditzakeen aldaketak kontuan hartuz. Plegua eginda dago, eta behin aurrekontuak onartuta lehiaketara aterako dugu urte hasieran".

Erabilera askotariko Olaran etxeko lanak 2021ean egingo dira eta 180.000 euroko aurrekontua dute. "Igogailua jarriko dugu eta beste areto handi bat izango du, komunak ere berrituko dira eta margotu egingo da". Egingo diren bestelako lanen artean hilerriko lanak daude –24.000 euro–. "Kolunbarioan apal berriak jarriko dira eta hezurtegiko lanak ere egingo dira. Baserrietara ura eramateko auzolanean egingo den azken fasea burutuko dugu; baita Narruola-testigantza proiektua ere". Udalak energia berriztagarrien aldeko apustua egina dauka, eta, gaur egun martxan duen azter-ketaren emaitza jakitean, herriko argiteria sarea berritzea posible den erabakiko du. Bestalde, COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko beste 30.000 euro ere bideratuko dira. Eta jolasguneen egoera eta Errekalde auzoa duintzeko prozesua 2021ean gauzatuko du Gobernu taldeak, eragileekin elkarlanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak