Futbol izarrak, jekeak eta emirra, paziente

Karmele Uribesalgo 2020ko abe. 18a, 16:15

Urtebete pasa darama Ikerne Rodrigez antzuolarrak Qatarren podologo lanetan. Hamad Medical Corporation ospitale publikoan dago, eta, besteak beste, Liverpool futbol taldeko jokalariak artatu ditu. Jekeak eta emirraren familiakoak ere joaten dira.

Qatarren bizi da, joan den urteko urria ezkero, Ikerne Rodrigez antzuolarra. Podologo bila zebiltzan osasun publikoko Hamad Medical Corporation ospitalean, eta Rodrigezek sare sozialen bitartez izan zuen horren berri. Bere burua lanpostua eskuratzeko aurkeztu, eta lana lortu zuen Qatarko hiriburuan, Dohan. Urtebete pasatxo darama han, eta askotariko pazienteak izan ditu azken hilabeteetan. Besteak beste, Liverpool futbol taldeko hainbat jokalari artatu zituen, FIFAren Kluben arteko Munduko Kopa jokatzera joan zirenean. Horrez gain, Rodrigezek azaldu du "oso ohikoa" dela euren kontsultan emirraren familiako kideak edo jekeak izatea. "Hemen pasatzen diren gauzak surrealistak dira", aitortu du antzuolarrak.

Esperientzia berria izan zen Rodrigezentzat Liverpool taldeko jokalariak bere paziente izatea. Adibidez, Roberto Firminorekin eta Joe Gomezekin aritu zen podologo lanetan. Min hartuta zeudela eta, euren hotelera joateko eskatu zieten Rodrigezi eta beste hainbat osasun langileri. Azaldu duenez, segurtasun neurri zorrotzak jarraitu behar izan zituzten, baina tratua "oso gertukoa" izan zela adierazi du, eta, ondorioz, "eroso" egon zela. "Liverpooleko jokalariekin egon ostean, Firminok gola sartu zuen partidu batean, eta txantxa ugari egin genituen horren harira", aipatu du.

Hasieran arraroa egin bazitzaion ere, kontatu duenez, "nahiko ohituta" dago jende ezagunarekin lan egitera: "Euskal Herrian ez bezala, hemen emirrak eta jekeek osasun publikoa erabili ohi dute". Antzuolarrak azpimarratu du "paziente garrantzitsu" bezala iristen direla, eta euren erizainak izaten dituztela batzuetan. "Hala ere, ia egunero ikusten ditugu horrelakoak, eta ez dira diferenteak guretzat", nabarmendu du.

Rodrigezen hitzetan, desberdina da Euskal Herriko eta Qatarko osasun publikoa: "Hemen dirua daukate eta baliabideak daude; egon izan naiz beste toki batzuetako departamentu berdinean eta egoera ez zen hemengoak bezalakoa", nabarmendu du. Horrez gain, COVID-19aren pandemian, esaterako, Rodrigezen esanetan, ez dute norbera babesteko ekipamendu faltarik izan eta ospitaleak ez dira beteta egon. "Guk ez dugu horrelakorik bizi izan", adierazi du.

Qatarren jarraitzeko asmoa

"Oso gustura" dago Rodrigez Qatarren, eta Euskal Herrian ez dituen aukera batzuk dauzka han: "Podologoek zaila daukagun arlo publikoan lan egiteko; normalean, pribatuan aritzen gara. Eta, alde horretatik, aldaketa handia izan da niretzat". Hiru urterako sinatu zuen kontratua, eta 2022ra arte, gutxienez, Asiako herrialde horretan gelditzeko asmoa dauka antzuolarrak.

Gainera, futboleko Munduko Kopa jokatuko dute urte horretan Qatarren. Hori dela eta, kontatu du prestaketa lanetan dabiltzala jada. "Hemen eraikitzen dituzten azpiegiturak ez dira normalak, eta jendea behar da horretarako". Bertan izango da Rodrigez, eta, beharra baldin badago, berriz artatuko ditu futbol izarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak