Egoiliarrak gogotsu itzuli dira eguneko zentrora

Maider Arregi 2020ko abe. 4a, 08:00
Martitzenean egoiliarrei egindako ongietorria eguneko zentroan. Argazkia: Eguneko Zentroa

Torresoroako eguneko zentroak berriro ireki ditu ateak asteon. COViD-19aren bigarren olatu honetan, zentroko hiru egoiliar kutsatu dira, eta horietako bat hil egin da. guztira, hamalau egoiliarrek berrekin diote eguneko zentroko jarduerari.

Hamalau eguneko berrogeialdia egin ostean, eta desinfekzio lanak amaituta, martitzenean, abenduaren 1ean, ireki zituen berriro ateak Torresoroako eguneko zentroak. 17 egoiliarretatik hiru kutsatu ziren eta horietako bat hil egin da. Koronabirusaren lehen olatuari ondo eutsi bazioten ere Antzuolako zentroan, bigarrenean kolpea jaso dutela aitortu dio GOIENAri zentroko arduradun Beatriz Guelbenzuk: "COVID-19az kutsatutako egoiliar bat hil zaigu, oso gogorra izan da, eta hutsetik abiatu gara berriro asteon. Egia da egoiliarrak pozik itzuli direla, beharra ere bazuten horrenbeste egun etxean egon ostean konfinatuta. Familiak, erabiltzaileak eta gu, langileok, animo handiarekin gau-de, egia esatearren. Oraingoan guri tokatu zaigu, eta aurrera egin behar dugu".

Egoiliarrak berrogeialdian izan diren bitartetan, euren etxeetan babesa eta laguntza izan dutela ere azpimarratu du: "Etxez etxeko zerbitzua eskaini zaie nahi izan duten guztiei. Hala, familiei babesa ez ezik arnasa ere eman zaie, bestelako lanak egin zitzaten". Gaineratu du egoiliarrek igaro duten konfinamenduaren ostean errutina baten beharra ere bazutela eta zentrorako itzulerak on egin diela, oro har, guztiei.

Gogorra bezain aberatsa

Orain, egunez egun aurrera egin behar dutela dio. "Zentroa irekitzeko gogotsu geunden, eta orain, egunez egun egoera zein den ikusten joan behar dugu". Lana gogorra bezain aberasgarria dela nabarmendu du. "Lana gogorra da, une oro alertan egon behar duzulako. Ez dakizu inoiz fokua nondik etorriko den. Kontrolatu ezin den gaitza da eta, gainera, harreman sozialei eta eguneroko kontaktuei estuki lotua dago. Eguneroko harreman sozial horien ondorioz, eurek ekar dezakete gaitza, baina baita guk ere. Eguneko zentroak eguneroko sartu-irtenak ahal-bideratzen ditu, eta abantaila hori arazo bilakatu daiteke bizi dugun pandemia sasoi honetan".

Muturreko osasun neurriak

"Garbitasun eta desinfekzio neurri oso gogorrekin dihardugu. Egunero erabiltzen ditugun espazioak desinfektatzen dira: terraza, barandak, pasiloa... Bakoitzak babes neurri zorrotzak ditugu; hala eta guztiz ere, sar-tu egin da gaitza. Baina nahiko pozik gaude, orain arte ondo eutsi diogulako. Gaitzarekin lan egiten ikastea gure lana da. Berriro egoiliarrekin batzea energia txutea izan da, eta poztasun ikaragarria ematen digute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak