Basolanaren bitartez auzolanaren transmisioa

Maider Arregi 2020ko urr. 23a, 09:00

Basoak garbi mantentzearen garrantziaz jabetzeko eta basolanen nondik norakoak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten antzuolarrek joan den zapatuan. Udalak eta Arrolak, elkarlanean, auzolanaren izaera nabarmendu gura izan diete herritarrei. Arrolaren argazkiak.

Antzuolako Udalak deituta, eta Arrola Mendizale taldearekin elkarlanean, Trekutz eta Korosterratzu inguruko basolanak egin dituzte. Inausketa lanak eta txukuntze lanak ez ezik, auzolanaren garrantzia ere azpimarratu gura izan dute. Era berean, Arrolak naturarekiko duen konpromisoa aintzat hartzekoa dela dio elkarteko kide Iñigo Ramirez de Okarizek: "Arrolak bere barne araudian jasoa du mendian ibiltzeaz gain natura eta inguruak zaintzearen ardura hori. Baita ere sasoi batean herriarendako esanguratsuak ziren iturriak berreskuratzea. Frantses Iturrirekin egin genuen moduan. Hala, udazken eta negu partean, Irimoi auzoan dagoen Hogei Iturri konpondu gura dugu auzolanean. Herritar ugari igarotzen da bertatik paseoan nahiz kirola egiten, eta badauka horrelako ospea iturri horrek".

Auzolana, elkarlana

Auzolanaren izaera, hain zuzen ere, elkarlana da, eta horixe nabarmendu gura izan dute.

Trekutzen eta Korosterratzun egindako auzolanean herritarren erantzuna ez dela nahi adinakoa izan aitortu du Ramirez de Okarizek. "Betikoak agertu gara, eta gure asmoa ere bada auzolan honen transmisioan eragitea. Basolana adituak diren baserritarrekin egin bagenuen ere, garrantzitsua da belaunaldi berriek lan horiek egiten jakitea. Hori ere bada auzolana".

Ezin aipatu gabe utzi, Korosterratzu txukun-txukun utzi ostean, asteon gertatutako haizeteek eraginda, zuhaitzak lurrera botata geratu direla. Udalak jakinarazi du su-egurra gura duen herritarrak eskaera udaletxean egin dezakeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak