"Izaera soziala" duten ordenantzak onartuta

Maider Arregi 2020ko urr. 14a, 11:31

Atzo, martitzena, egindako ezohiko osoko bilkuran EH Bilduren aldeko botoei esker onartu ziren behin behineko 2021erako Zerga eta Ordenantza Fiskalak. Herritarrei zuzenean eragiten dieten zergetan igoerarik ez egitea izan dutela oinarri adierazi du udal gobernuak.

"Jendeari zuzenean eragiten dien zergetan igoerarik ez egitea garbi geneukan. Gainera, KPI-a zeron dago", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak. Hala, etxebizitzaren, ibilgailuen, uraren, estolderiaren zein etxeko obren tasek ez dituzte igoerarik izango.

Hondakinen tasa da, aldiz, igoera izango duen bakarra (bost eurokoa).  Kortabarria alkateak azaldu du Mankomunitateak Udalari kobratzen dionaren, eta udalak herritarrei kobratzen dienaren arteko diferentzia gutxituz doala. "Iaz etxebizitzen tasa 125 eurokoa zen. Udalari, aldiz, 140 kostatzen zitzaion zerbitzua. Azken urtetan diferentzia gutxituz joan gara, eta aurten 130 eurora igo dugu hondakinen tasa. Oraindik ez dakigu Mankomunitateak 140 euro mantenduko duen edo ez".

EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin dira. "Ordenantzak behar bezala lantzeko denboraz justu ibili gara; gainera, txostena egin gabe dago. Bestalde, hondakinen tasan, hobekuntza igarri dugu; izan ere, aurreko agintalditik eskatzen aritu gara Mankomunitateak kobratzen diguna eta herritarrei kobratzen diegun tasa berdintzen joatea", kontatu du Basilio Ormazabal bozeramaile jeltzaleak.

Izaera soziala

Gizarteak bizi duen egoerara egokitzen diren ordenantzak lantzen dihardu gobernu taldea herritarrekin; helburua "izaera soziala" ematea dela dio alkateak. "Pandemiarekin bertan behera geratu zen lanketa, baina orain helburua da ordenantzak banan-banan aztertu, eta beste herrietan egiten denarekin alderatzea. Talde finko batek dihardu lanean eta, gehien behar duenari laguntzeko asmoz, hobari batzuk ere aintzat hartu ditugu jada". Ordenantzei alegazioak egiteko hilabeteko epea dago. Alegaziorik ezean, zuzenean behin betiko onartuko lirateke.

Laguntza gehiago, aztergai

Neguari nola heldu aztertzeko, udala elkartu da dagoeneko herriko dendari eta tabernariekin. "Bilera egin dugu eta bakoitzak bere proposamen propioa ekartzea adostu dugu. Izan ere, guztiek ez dute baldintza eta azpiegitura bera eta proposamenak behar horien arabera egingo dituzte", argitu du alkateak. Herritarren artean maskara berriak banatzeko asmoa ere baloratzen eta aztertzen dihardutela aitortu dio Beñardo Kortabarria alkateak GOIENAri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak